KIROLAK

Ikuskizun aparta eskaini dute pilotariek orain arteko saiorik luzeenean

09.02.2020 | 19:49
Xistera

ANDOAIN. Ikuskizun aparta eskaini zuten pilotariek Andoaingo Arrate pilotalekuan jokatu zen Xisteraren mutilen zirkuituko jardunaldian, orain arte jokatu den saiorik luzeenean. Lehen mailako aurreneko kiniela polita izan zen, nahiz eta saio erditik aurrera Sorozabalek eta Iturraldek ihes egin zuten garaipena lortzeko. Bigarren Laloo eta Goixerri sailkatu ziren, 10ekin.

Bigarren kiniela ikaragarria izan zen, zortzitik lau bikote iritsi baitziren 14 tantora. Azkenean Sorozabalek eta Zugaitzek amaitu zuten 15era iritsiz. Bigarren postuan berdinduta, 14-rekin, Anton-J.Mandiola, Gonzalez-Iturralde eta Laloo-Uranga geratu ziren.

Bigarren Mailako kinielak ere bikainak izan ziren. Atzetik aurrera eginez, azkenean Urrutiak eta Sanchezek lortu zuten garaipena aurrenekoan. Donibane Garazikoak eta Donibane Lohizunekoak amaiera paregabea eman zioten kinielari, garaipena erdietsiz. Lertxundi eta G.Sorozabal sailkatu ziren bigarren, 12-rekin.

Bigarren kiniela ere estua eta luzea izan zen. Hiru bikote sartu ziren azken txanpara irabazteko aukerekin, eta azkenean amaitu zutenak, Galletebeitia eta Ibar izan ziren, 13-rekin, bigarren postuan, Garcia eta Olazagasti utziz.

Hirugarren Mailako protagonista nagusia Emeric Libois izan zen. Lapurtar gazteak jokatu ziren hiru kinieletatik bi irabazi egin zituen, eta hirugarrengoan ere lan bikaina egin zuen. Aurreneko kinielan Larrazabal izan zuen lagun, eta gainerakoei ez zieten inongo aukerarik eman. Egaña-Del Rio sailkatu ziren bigarren, 5ekin. Bigarrengo kinielan, berriz, Samuel Rodriguez izan zuen lagun.

Hemen ere gainerako bikoteek oso aukera gutxi izan zituzten. Atzetik, lau tantorekin, lau bikote sailkatu ziren; Teresa-Bourrasse, Egaña-San Jose, Bonin-Iñigo eta Aizpurua-Laborde.
Hirugarrengo kinielan Egaña eta Aldin nagusitu ziren, bigarren postuan Bonin eta Iñigo utziz, hauek 7 tanto lortu zituzten.