Ane Gonzalez, Ainhoa eta Iratxe Garmendia, eta Graxi Elosegi dira laukotea

ordizia - Urte osoan buru-belarri ibili ostean Ordiziako Urpekoak Igeriketa Elkarteak ere amaitu du aurtengo denboraldia, eta ez nolanahi, gainera. Orain gutxi udako txapelketan emaitza onak lortu zituzten eta joan den asteburuan ere maila bikainean aritu dira, Bar-tzelonan jokatu den Espainiako junior eta senior mailako txapelketan. Ordiziatik, 24 igerilari joan ziren hiru teknikarien laguntzarekin eta taldeka bosgarren gelditu ziren 18 talde partaideen artean. Kirol Elkarteko zuzendaritzak agertu du “harro” daudela igerilari guztiek lortutako denborekin eta egin duten denboraldiarekin.

Batzuk besteak baino hobeto aritu ziren, eta guztietan emaitza onenak eskuratu zituztenak neska juniorrak izan ziren. Ane Gonzalez, Ainhoa Garmendia, Graxi Elosegi eta Iratxe Garmendiak osatutako taldeak 4x200 proba egin zuen eta lehenengo postua lortu zuten, urrezko domina jazteko aukera izanez. Ez hori bakarrik, Espainiako errekorra hobetu zuten eta orain beraien marka izango da besteek hobetzen saiatuko diren langa. Gauzak horrela, eta aurreratu dutenez, Ordiziako Udalak aurten emakume kirolariak omenduko ditu festen egitarauaren barruan, Adur Ezenarro, Ordiziako alkatearen hitzetan “egindako esfortzu eta meritua aitortzeko”. Hala, Ordiziako laukote igerilari honek, beste hainbatekin batera, herriaren aitortza jasoko du.

Gizonezko seniorrek ere lortu zuten domina errelebotan, kasu honetan bronzezkoa. Xabier Larraza, Fernando Fernandez, Josu Goya eta Josu Sarasolak bi erreleboetan hirugarren postuan sailkatu ziren.

Bakarkako probei helduz, Iratxe Garmendia lehenengo postuan sailkatu da 100 eta 200 metro urazaletik probetan, eta brontzezko domina lortu du 400 urazalean. Ane Gonzalezek, bestalde, urrezko domina jantzi du lehen postuan gelditzeagatik 50 metro urazalean eta bigarren postua, aldiz, 100 metro urazalean. Amaitzeko, Ainhoa Garmendia bigarren postuan sailkatu da 200 metro urazaletik proban eta laugarren 100 eskafandra eta 400 urazalean.

Mutilei dagokienez, Josu Sarasola bigarrena izan da 400 metro eskafandran, eta laugarrena 100 eskafandra eta 400 metro urazaletik probetan. Fernando Fernandezek, txapelketako proba motzetan hartu du parte, 50 urazaletik eta 50 apnea probetan, eta 5. eta 6. postuetan sailkatzea lortu du. Odei Rodriguez 4. sailkatu da 50 metro urazalean eta 5. postuan 100 eskafandran. Iker Sanchezek, aldiz, laugarren postua bereganatu du 50 metro apnean.