DONOSTIA. Araudiak ezarritako mailatik behera egon dira airearen kalitatea neurtzeko kutsatzaile guztiei dagozkien balioak: sufre dioxidoa (SO2), karbono monoxidoa (CO), nitrogeno dioxidoa (NO2), ozonoa eta bentzenoa, gasen artean, eta PM10 eta PM2,5 partikula esekiak.

Sailburuordeak adierazi du Euskadin arnasten dugun airearen kalitatea ona dela. Izatez, bi balio baino ez ziren gainditu, modu puntualean bada ere, eta maila kezkagarrietara iritsi gabe: sufre dioxidoa, jarduera industrialarekin lotzen dena, eta nitrogeno dioxidoa, zuzenean ibilgailuen trafikoarekin lotutakoa.

NO2-ari dagokionez, Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sarea osatzen duten 53 estazioetako bakar batek gainditu zuen urteko muga-balioa (40 µg/m3 puntutik 43 µg/m3 erregistratu dira), Bilboko Maria Diaz Harokoaren kaleko estazioak, hain zuzen. Egoera hori konpontzeko, airearen kalitatea hobetzeko lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten Ingurumen Sailak eta Bilboko Udalak, ibilgailuen trafikoaren ondoriozko isurketak murrizteko helburuarekin. Izan ere, trafiko handiko eremuetan dauden hiri-estazioak dira urteko batezbesteko altuena dutenak.

PM10 eta PM2,5 partikulen mailei dagokienez, esan behar da airearen kalitatearen araudiak ezarritako mugen barruan geratu direla. PM10 partikulen urteko batezbestekoan aurreko urteetako joera positibo berari eutsi zaio. Estazio guztien PM2,5-en urteko balioak araudiak ezartzen duen urteko mugaren azpitik daude.

Ozonoari dagokionez, ez da gainditu giza osasuna babesteko xede-balioa (120 µg/m3-tik gora 25 aldiz gehienez, batezbesteko gisa hiru urtean). Modu puntualean gainditu da adierazle horren balioa Urkiola, Jaizkibel, Serantes, Pagoeta eta Mundakako estazioetan. Kasu hauetan biztanlegoari informazioa eman zaio, Eusko Jaurlaritzak ezarritako protokoloei jarraituz. Altuen dauden estazioak dira guztiak eta horrek balio altuagoak neurtzen eragiten du.

Sailburuordeak aipatu duenez, Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) erreferentzia-balioak oinarri hartuta, Euskadiko estazioen % 98k bete zuen NO2-aren muga-balioa; estazioen % 88 PM10-en balio onargarrien barruan egon zen, eta % 75ek bete zuen PM2,5-en muga. Bete ez den balio bakarra, beraz, ozonoarena izan da.

Eranskina

Airearen kalitatearen muga-balioak airearen kalitatea hobetzeari buruzko 102/2011 Errege Dekretuan ezarrita daude. Errege Dekretu horrek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008ko maiatzaren 21eko airearen kalitateari eta Europan atmosfera garbiagoa edukitzeari buruzko 2008/50/EE Zuzentarauaren balioak ekartzen ditu. Lege-estandar horietan ezarritako balioen arabera zehazten dira ez-betetzeak Batasunaren esparruan eta, beraz, araudia betetzen den ala ez ezagutzeko aplikatzen dira.

Euskadiko Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sareak etengabe neurtzen ditu hainbat kutsatzaileren kontzentrazioak: esaterako, sufre dioxidoa, nitrogeno dioxidoa, karbono monoxidoa, ozonoa, 10 eta 2,5 µm-tik beherako diametroa duten partikula esekiak, amoniakoa, azido sulfhidrikoa, bentzenoa, toluenoa eta xilenoa. Gainera, meteorologia-parametroak ere neurtzen dira, hala nola haizearen abiadura eta norabidea, tenperatura, hezetasun erlatiboa, presioa, erradiazioa eta prezipitazioa. Datu horiek denbora errealean kontsultatu daitezke ingurumena.net eta Open Data Euskadi atarietan.

Araudi horretaz gain, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) 2005ean gida batzuk argitaratu zituen; horietan, airearen kalitatea neurtzeko aztertzen diren kutsatzaileen erreferentzia-balio batzuk daude. Balio horiek erreferentziako estandarrak dira, eta gobernuek helburutzat har ditzakete, tokiko baldintzen arabera.