Usurbilek turismo eskaintza osatzeko gogoeta zabalduko du
Bi bilera deitu ditu, bat eragile pribatuekin eta bestea herritarrekin proposamenak jasotzeko
Usurbil - Usurbilgo Udalak gogoeta aldi bat zabalduko du Usurbilek izan beharreko turismo eredua eta eskaintza diseinatzeko helburuz. Aste honetan egindako agerraldi batean, alkateak, Xabier Arregik, herriak baduela zer erakutsi adierazi zuen. Hain zuzen, euskal kultura garaikidean oinarrituko du bere eskaintza, “inguruko herriek erakusten ez dutena”. Izan ere, 60ko hamarkadatik Usurbil euskal kulturaren (musika, pintura...) iturburu izan da. Bestalde, slow kultura eta inguruko paisaia (mendiak, Oria ibaia, baserriak) eta ekonomia (sagardogintza, angulak...) beste erakusleiho batzuk izan daitezke bisitariak Usurbilera erakartzeko.
Alabaina, alkateak azpimarratu zuenez, “turismo eskaintza ez da goitik behera eraiki behar, usurbildar guztiok eroso egoteko moduko estrategia diseinatu behar dugu”. Horretarako bi bilera antolatu dira Potxoenean: lehenengoa martxoaren 28an 10.00etan eragile pribatuekin eta bigarrena martxoaren 1ean 18.00etan herriko kultura eragile zein norbanakoekin. Horretaz gain, Udalaren webgunean inkesta bat jarriko da martxan, herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzeko.
Alaitz Aizpuruak, Tokiko Garapen Ekonomikorako zinegotziak, aurreratu zuenez, ekarpen horiekin guztiekin ekintza plan bat osatuko da datozen urteetan aurrera eraman behar diren ekimenak zehazteko. Hain zuzen, horren ardura Lurmetrika eta Ereiten enpresek izango dute.
“Bi enpresa horiek kultura arloa eta aspektu soziala lantzen dituzte, eta, gure ustez, turismoa jarduera sozioekonomiko bat da. Jarduera ekonomiko garrantzitsu bat da, baina arlo soziala ere barnebildu behar du”, adierazi zuen Arregik.
Usurbilgo Udala ez da hutsetik abiatzen langintza honetan. Lehen ere ahaleginak egin izan dira Usurbilera bisitariak erakartzeko, baina orain beste bultzada bat eman nahi zaio, turismoari ikuspegi integraletik so eginez.
Baina bisitariak erakartzeko, Udalaren aburuz, “ez du edozerk balio”. Ez dute masifikaziorik nahi eta bere nortasuna eta herri izaera babestu nahi dituzte, horiek baitira Usurbil berezi egiten dituen ezaugarriak.