irurita - Iruitako dantzariek, gazteek, herriak, Laxoa elkarteak, Baztandarren Biltzarra elkarteak eta Dorrea elkarteak antolatuta, heldu den ortziral eta larunbatean, Iruritan, Euskal Lore Jokoak ospatuko dira. Lore Jokoak, kultura jardunaldiak izan ziren, musika, dantza eta batik bat euskal poesia barne har-tzen zituztenak. Euskal Pizkundea deitutako garaiaren barruan burutu zituzten, Erromantizismoan bultzatutako bertze antzeko prozesuei jarraituz. XIV. mendean antolatzen hasi ziren munduan barrena, nahiz eta Euskal Herrira, XIX. mendean ailegatu ziren. Zehazki, 1853. urtean ospatu ziren lehenbiziko Euskal Lore Jokoak, Urruñan, Anton Abbadia izan zelarik bulkatzaile eta antolatzailea. 1810. urtean Dublinen sorturiko Abbadia jauna 1851. urtean hasi zen bere sakeletik ordainduta literatura oinarri zuten sariak banatzen, nahiz eta bi urte beranduago antolatu ziren egiazki lehenbiziko jokoak. 1853tik 1863ra Urruñan ospatu ziren, gero, 1864tik 1876ra Saran, gero Donapaleun eta ondotik, izaera ibiltaria izan zuten, 1879. urtean Elizondon ospatu zirelarik. Abbadiaren ereduari jarraituz eta bertzeak bertze Arturo Kanpion eta ingurukoen Nafarroako Euskara Elkargoari esker. Urte hartan, lehen saria Felipe Arrese Beitiak irabazi zuen Ama euskeriari azken agurrak poemarekin. Duela bortz urte bezala, aurten ere, Iruritan Euskal Lore Jokoak antolatu dituzte, musika, dantza, kirolak eta bertsoak ardatz izanik.
Ortzirala, irailak 14.
20.00etan- nesken pilota partidak trinketean.
21.15ean- Emakume raketistak, Lehen eta Orain dokumentala Gizarte Bilgunean.
Larunbata, irailak 15
11.00etan- herriko dantzarien emanaldia.
12.00etan- herriko laxoa jokalarien arteko partida.
14.00etan- bertso bazkaria Olari jatetxean, Julio Soto eta Uxue Alberdi bertsolariekin.
17.45ean-
19.00etan- Disko Jartzaileak Jauregiarten.