elizondo - Aste honetan egin dute aurkezpen publikoa. Aniztasuna islatzen duten 11 ordezkari dira Baztango hamaikakoa osatzen dutenak: Ahobiziak: Sink Barrientos, erratzuarra; Idoia Nuñez, elizondarra; Mertxe San Vicente, elbetearra; Sonia Lopez, elizondarra; Ruth Peña, oronoztarra; Belarriprestak: Julen Mitxeltorena, elizondarra; Asier Lizartza arizkundarra; Emilia Azkarate, aniztarra; Loinaz Azurmendi, elizondarra; Alvaro Garde, arraioztarra eta Ana Iriarte, arizkundarra. Euskaraldia: 11 egun euskaraz ekimena azaroaren 23tik abenduaren 3ra burutuko da Euskal Herri osoan zehar. Azken hilabete hauetan han eta hemen dinamizazio lanak areagotzen ari dira. Euskararen lurraldean, euskararen erabileran eta jendearen kontzientziazioan eragin nahi du ekimen honek, etorkizunera begira mugarri izanen diren 11 egun horietan. Ahobizi eta Belarriprest rol desberdinen bidez, jendearen konpromisoa bilatzen du ekimen zabal honek. Bide horretan, euskararekiko konpromisoa hartu nahi duenak bi modu izanen ditu, Ahobizi edo Belarriprest izateko hautua eginez. Ahobizia ulertzen duenari euskaraz eginen dion pertsona izanen da, hark gaztelaniaz erantzunda ere. Ezezagunei ere lehen hitza, guttienez, euskaraz eginen die. Belarripresta euskara ulertzen duen pertsona izanen da. Pertsona hauek haiei euskaraz egitea nahi dute, nahiz eta gaztelaniaz eran-tzun dezaketen.

IZEN EMATEA Irailaren 20tik aitzinet, Euskal Herri osoan zehar, baita Baztanen ere, Euskaraldian parte hartzeko izena ematen ahal izanen da. Izena eman ondotik, bertzelako ekimenak burutuko dira, orain arte bezala, harik eta azaroaren 23ra ailegatu arte. Orduan hasiko da Euskaraldia, abenduaren 3a arte, 11 egun horietan, Ahobizi eta Belarriprestek txapa batzuk eramanen dituzte soinean, kalean, jendeak identifika ditzan eta bakoitzak bere rola betetzea errazteko.