elizondo - Gaur arratsaldeko 19.30ean, Eizondoko Amezti elkartean ZAD bizi dutenen ahotik liburuaren aurkezpena izanen da. Aurkezpenean, Iñaki Etxeleku Thikoipe egileak parte hartuko du. Amezti elkarteak, Idazleekin Solasean taldeak eta Aroztegia eta gero zer? Plataformak antolatu dute liburu aurkezpen hau. Baztanen hondar urteetan eman diren herri borrokak kontutan hartuta, ZADeko esperientzia ezagutzea interesgarria eta aberasgarria izan daitekeelakoan daude antolatzaileak. Izan ere, ZAD, frantses estatuarendako Zone d’Aménagement Différée” (Garatu beharreko zonaldea) da, Notre Dame des Landes herrian eraiki nahi duten aireporturako lur saila. Bertan bizi diren ehunka aktibisten-tzat, hala ere, “Zone A Défendre” (Defenda-tzeko Gunea) da ZAD, erresistentzia eta elkar-bizitza komunitatea.
Iñaki Etxeleku ZADen egon da, eta han daudenei hainbat galdera egin dizkie, bizitzari buruz, ekoizpenari buruz, kapitalismoari buruz, berdintasuna edota demokraziari buruz, baita etorkizuneko bertze mundu posible baten promesari buruz ere. Eran-tzunetan ez da formula zurrunik, ez eta demagogia edo doktrinarismorik. Jendeak argitasun harrigarriaz eran-tzuten du. Sentitzen dutenaren gibelean sumatzen dira hausnarketa aunitz eta sakonak, eta laguntza handikoak izan omen daitezke izpiritu kritikoa duten guztiendako. Baita ZADeko bizipen kolektibo eta militante horiek hurbilagotik ezagutuz, autonomiaren eta autogestioaren nondik norakoak hobe ulertu nahi dituenarendako ere.
ZAD bizi dutenen ahotik liburua, gune hori eta bertako jendea hobeki ezagutzeko liburua da.
Bertzalde, bihar 18.00etatik 21.00etara eta etzi 10.00etatik 13.00etara, Amezti elkartean herri-mugimenduko eragileen materialarekin herri-denda burutuko dute.
Gainera, Baztango Gaztetxean Truke Azoka bat antolatu dute biharko. Ortziralean, 16.30etik aitzinet bakoitzak behar ez dituen gauzak eramaten ahalko ditu gaztetxera eta bertzeek eramandako bertze gauzekin trukatzeko aukera izanen du. - F.A.G.