Gozamena da beti harresietatik elurra ikustea. Aste honetan, gainera, Pirinioetako bi kasko zuri ikusteko aukera izan dugu urrutian ekialderantz, zeru garbi-garbiari esker. Inora igo gabe, Zaldi Zuriaren ondotik, doi-doi, baina bi gailur. Oso gutxitan izaten da parada hori Iruñean; karrikatik beretik, jakina. Zohardia delarik baino ez. Redingo toki zehatz batetik baizik ez. Bertzela da, jakina, Labrit aldeko bastioira igota. Handik bai, Pirinioetako hiruzpalau tontor ikusten dira, baina orain jendeak ez du goiti horretara igotzerik, sarbidea galarazia baitago. Iruñerriko mendiak, ordea, nonahitik ageri zaizkigu. Ez da giro mendi horietan. Sumina darie. Baten batek begiz (eta kolpez) jo baititu Malkaiztik Irulegira bitarteko usategi eta ehiztari-etxolak; balentria ederra egin du, eta kolera gorria eragin. Gero eta uso gutxiago pasatzen dira, baina entretenigarria zaio jende aunitzi. Lepora igo, hamaiketakoa egin, zahatoari eragin, eta atzera, zorroa maiz huts-hutsik. Oraindik ere, ehiza erro-errotua dago, pentsamolde honetako eta hartako jendea aritzen da, eta ez da nolanahi desagertuko, burugaberen batek usategiak kaltetuagatik ere. Hortaz, ezin Labriteko bastioira igo, eta Labriteko zubia ere hertsirik; sarri, desagerturik. Aurreko agintarien enegarren txandrioa. Aspaldian erran zuten San Fermin peñakoek ez zutela zubi hori baliatuko zezenetatik atera eta Alde Zaharrera joateko. Behin probatu zuten, eta dar-dar egin zuen. Jendeak, hala ere, gogotik erabiltzen zuen. Hori bai, neguko goiz hotzetan, kontu handiz, dena izozten baitzen, eta ipurdiko galantak izaten ziren. Zubi azpian, bitartean, Caparrosoren txaleta, orain errefuxiatuendako etxea bilakatua. Rozalejoko azken maizterren aukera galdua (aukera galduetako bat). Damuak urretan neurtuko balira, zenbat okupa aberats!