Herri industriala da Ormaiztegi. 1998. urtean, Eusko Ikaskuntzak antolatutako Jakitez programarako Arantzazu Garmendia Lasak egindako ikerketan aditzen duenez, Ormaiztegiri buruzko lehenengo agiriak XIV. mendearen amaierakoak dira, herriak bere borondatez, baina autonomi ekonomikoa gordez, 1384an Segurari lotu zitzaizkionekoak, hain zuzen ere. Gaztelako Juan I.ak onetsi zuen hitzarmen hau 1387an eta Enrike III.ak berretsi 1393an. 1615ean, baina, Goierriko beste hiribilduak bezala, hiribildu autonomo egin zen, Felipe III.aren onespena jasoz. Garai hai-etako agiriek diotenez, une hartan 123 biztanle zituela jasotzen du Garmendiak egindako lanak. Orain, ordea, Eustaten arabera, 1.321 biztanle zeuden iazko urte amaieran. Dudarik gabe, eboluzio nabarmena izan du udalerriak.

Urteetan zehar nekazaritza eta abeltzaintza izan duten arren hizpide, industriak indar handia izan du herrian eta inguruan, eta industriaren garapenari dagokion dokumentazio guztia biltzeko webgune berri bat jarri du abian Zumalakarregi Museoak Udalarekin eta Irizar enpresaren babesarekin batera: Industria Paisaia.

“Hiru urteko lanaren emaitza da webgune hau”, azaldu du Lurdes Azpiazu, Zumalakarregi Museoko arduradunak. 2013. urtean Norberto Ibáñez, Xabier Irizar, Zeles Otamendi eta José Antonio Pérezek Ormaiztegi 1860-1970 liburua argitaratu zuten eta duela urte batzuk, izen bereko erakusketa jarri zuten Zumalakarregin ikusgai. “Horretan oinarritu gara eta zatika zatika osa-tzen joan gara, Zeles Otamendiren lankidetzarekin batera. Hala ere, oraindik gauza gehiago gehitu daitezke, irekia da”, agertu du Mikel Alberdi, museoko artxibo arduradun eta historialariak. Herriaren garapenaren oinarriak biltzen dira bertan, eta interesa duen edonorentzat oso baliagarria ere bada, izan ere, webgunea informazioz josita dago eta lau ataletan banatua izan da: erakusketa, jarduerak, elkarrizketak eta ikerketa.

“Gure helburua Ormaiztegiko industria garapena kontatzea da, ikuspegi ezberdinak kontuan hartuz”, gehitu du historialariak. Horregatik, industriaren garapena bizi zuten hamabi pertsonen testigantzak ere jaso dituzte. “Aberasgarria izan dela esango nuke. Profil ezberdineko jendea elkarrizketatu dugu; langileak izandakoak, enpresaburuak, tartekoak...”, nabarmendu du Azpiazuk. Elkarrizketatu horiek garai haiek “oso ondo” kontatzen dituztela ere uste du arduradunak: “Mugarri horretan parte hartu zutenak aukeratu ditugu elkarrizketarako, zerikusia izan zutenak”.

gorakada Memoria zabal honen oinarri nagusia XIX. mendean koka-tzen da. Bertan, Tren zubia, bainuetxea eta lehenengo Irizar enpresaren hastapenak aurkitu daitezke. Trenzubiari dagokionez, esaterako, 1860. urtean Madril-Irun-Paris trenbidea Ormaiztegitik igarotzea espero zen. Horregatik, trenzubia eraiki behar izan zen eta inaugurazioa 1864ko abuztuaren 15ean izan zen.

Eta enpresa askoren sorleku ere izan da Ormaiztegi. Besteak beste, Irizar Laminazioa eta Jose Maria Lasa Motore Elektrikoak lantegiak XIX mende bukaera eta berriaren hasieran sortu ziren. Webgunean ikus daiteke nolako eboluzioa izan duten enpresa horiek, Irizarren kasuan, artisauki lan egitetik bere alorrean munduko erreferenteetako bat bihurtzera arte eta beraiek egindako autobusak mundu guztian zehar ikusteraino. “Gaur egun ia edozein tokitan ikusten diren autobusak hemen eginak dira”, zehaztu du Alberdik.

Trenzubia ez ezik, bainuetxea ere izan zuen Ormaiztegik. Ur sufretsuei esker, 1853an zabaldu zuten. Sagasti Berri baserriarren lurretan sulfuro-burdinezko putzi bat zegoen, arrautza ustel usainekoa, eta ustez, azaleko gaitzak sendatzeko egokia zena. Albiste horrek, nola ez, inguruetan eragina izan zuen eta ospea eman zion putzuari. Historiari jarraituz, 1853. urtean Ormaiztegiko jauntxo batzuek eta Itsasoko kapelauak elkarte bat sortu, Sagasti Berri berri inguruko lurrak erosi eta uren ustiaketarako Udalaren baimena lortu zituzten. Zortzi urte beranduago, 1861ean, Pedro Zangitu herriko medikuak erosi zuen bainuetxea eta eraikuntza eta zerbitzu berriz osatzen joan zen.

Herria hazten joan zen gutxika, eta, batez ere, Madril eta Zaragozatik zetozen bisitariei esker, herriko giroa, artisautza eta komertzioak bultzada nabarmena izan zuten.

pelikula Dokumentazio lan handia egin dute Azpiazu eta Alberdik urte hauetan, bai proiektu honetarako eta baita eskuartean dituzten gainontzekoetarako ere.

Eta halakoetan batzuetan gertatu moduan, sorpresa bat ere suertatu zaie bidean. “Bainuetxeko pelikula bat topatu dugu, 1958-1959 urtekoa”, adierazi du Azpiazuk. Albistearen berri izan zuten eta Javier Alday-ekin jarri ziren harremanetan, haren osaba bainuetxeko bezeroa izandakoa baitzen eta hark grabatu zuen filma. Alday-ek, beste hainbatetan egin moduan, Zumalakarregi Museoari eman zion eta orain ikusgai jarriko dute webgunean. “Altxor bat izan zen, zeresana eman zuena, oso polita”, gehitu du Alberdik.

Bi arduradunak “gustura” agertu dira orain arteko emaitzarekin. Beraiek izango dira plataforma kudeatuko dutenak eta azaldu dutenez, “irekita” daude material gehiago jasotzeko. Beraz, norbaitek eskuartean izango balu dokumentu, argazki, liburu, audio edo artxiborenbat eta Ormaiztegiko paisaia industrialaren garapenean garran-tzia izan duena dela uste badu, museoarekin jarri daiteke harremanetan.

Azken finean, sortu duten webgune berri hau erakusleiho bat da Ormaiztegi herriak izan duen eboluzioa azaltzen duena, eta bide batez, orain arte zeuden material grafiko guztiak jaso, ordenatu eta modu ordenatu batean biltzeko ere balio izan du. Beraz, altxor handi bat sortu dute, edonorentzat eskuragarri dagoena eta bilakaera zehatz-mehatz jasotzen duena.