Pasaia - Pasaiako EAJ/PNVk datozen udal hauteskundeetarako bere taldea aurkeztu du. Alkategai jeltzaleak, Nahikari Oterminek, nabarmendu duenez, “Pasaiarekin konprometitutako pertsonez osatu du taldea, programa sendoaz gain, lan talde indartsu batekin Pasaiako alkatetzari heltzeko eta herritarrekin elkarlanean Pasaia hobe bat eraiki-tzeko asmoz”.

Hautagaitzan aurpegi berri asko daude. “Gaitasuna, esperientzia, aniztasuna, berritasuna, ilusioa eta lanerako gogoa uztartzen dituen taldea osatu dugu”, aditzera eman du Oterminek.

“Barruti eta profil ezberdinetako pertsonekin osatu dugu zerrenda eta pertsona berriak ere batu ditugu taldera eta ziur naiz ekarpen oso positiboa egingo diotela taldeari, EAJren proiektuari eta Pasaiari”, adierazi du zerrenda buruak. Taldearen lehenengo postuetan, Loreto Osa, Jon Ander Eceiza, Jose Juan Zubillaga, Koldo Perez eta Aitor Iturbe aurki-tzen dira.

Dagoeneko Pasaiako EAJ/PNVk aurkeztu du datozen udal hauteskundeetarako osatu duen programa eta bertan jasotako proiektu nagusiak. Alkategai jeltzalearen hi-tzetan, “azken lau urteotan Pasaiak hobera egin badu ere, Pasaiak behin betiko bultzada emango dion alderdia behar du Udalaren gidaritzan”.

“Konfrontazio eta paralisi urteak atzean utzi ditugu legealdi honetan eta elkarlanari bidea eman diogu, baina ez dezagun ahaztu nondik gatozen eta nora joan nahi dugun; horregatik dira hain garrantzitsu eta erabakiorrak datozen udal hauteskundeak”, esan du.

“Gidaritza hartzeko eta herritarrekin batera Pasaiari merezi duen etorkizuna emateko proposamen zehatzak eta interesgarriak landu ditugu”, baieztatu du. - A.M.