erratzu - Atzo bukatu ziren Arizkungo San Joan bestak, eta hauen ondorengoak, Erratzuko San Pedroak, prest daude dagoeneko. Egutegiari segida emanez datoz erratzuarrak, beren herriko bestak ospatzeko gogoz. Aurten ekaineko azken lau egunak baliatuko dituzte bestarako, ortzegunetik igandera arte iraunen baitute bestek.

Ortzegun goizean haurrendako joko eta puzgarriekin hasiko dituzte ospakizunak, eguerdiko altxafero pizte eta ezkil-jotzearen aitzinetik. Pintxo-potea eginen dute eta gero Izpegin gazteen bazkaria. Arratsaldean haurrendako joko eta puzgarriak izanen dituzte berriz, eta baita azken urteetan errotutako Izpgegiko txirrindula igoera ere, hamargarren edizioa izanen da aurtengoa. Hau bukatuta txokolatea dastatuko dute eta ilunabarrean Baztan zopak izanen dituzte plazan, Fidel akordeolariarekin.

Ortziralean bertsoak, mariatxiak eta kontzertuak izanen dira protagonista nagusiak. Larunbatean, San Pedroren omenezko meza, emakumezkoen frontenis finalak eta emakumezko zein gizonezkoen esku pilota partiduak jokatuko dituzte bertze ohiko ekitaldiez gain eta igandean izanen da bestetako azken eguna, zikiro-jatea bestaren ardatz izanik. - F.A.G.