Errenteria - Eguzkik eta Ekologistak Martxan elkarteek Errenterian antolatzen diren uso, galeper eta bestelako animalien tiroketak debekatu daitezela eskatu dute beste behin. Gainera, lehenbailehen horrelako jarduerak debekatzeko araudi bat onartzea galdegin dute ohar batean.

Idatzian gogoratzen dutenez, duela hiru urte baino gehiago (2016ko apirilean) lau elkartek (Eguzki, Itsas Enara, Ugatza eta Ekologistak Martxan) eskatu zioten Udalari herriko jaietan antolatzen ziren uso, galeper eta bestelako animaliei tiro saioak debekatzea eta jaietako programazioan ez jasotzea.

“Esan ziguten horrelako erabakia ezin zutela hartu araudi batean oinarritu gabe eta animalien erabileraren inguruko ordenantza orokor batean lanean hasita zeudela”, adierazi dute. “Urte batzuk pasa dira eta ez dugu horren berririk”, kexu dira.

2019ko jaietako programazioan jarduera hori beste behin ere egingo dela jakin izan dute. “Ez dugu ulertzen horrekin buka-tzeko beste leku batzuetan har-tzen diren erabakiak zergatik ez diren gure udalean hartzen, noiz arte itxaron behar dugu?”, galdetu dute. “Egoera hau onartezina iruditzen zaigu, bai guri bai gizartearen gehiengoari”, baieztatu dute.

“Gure aldetik Udalak duen jarrera salatu nahi dugu, baita araudia onartzeko hartu zuen konpromisoa ez betetzea ere. Ez dugu bukatu nahi aipatu gabe animaliei sufrimendua sortarazteak ez duela zerikusirik kultura eta nortasunarekin”, argudiatu dute talde ekologistek idatzian. - A.M.