ziga - Bihar abiatuko dituzte Zigan San Lorentzo bestak. Ortziraletik astelehenera arte lau egun eta gau izanen dituzte bertakoek eta bertaratzen direnek aurtengo bestekin gozatzeko. Ez da gozamenerako aukerarik faltako, herri ttikia izanagatik, adin eta gustu guztiak asebetetzeko moduko egitaraua prestatu bait dute. Bihar arratsaldean hasik odituzte bestak, 20.00etan botako duten altxaferoarekin. Ohiturari jarraiki, ezkilak joko dituzte eta ondotik herriko trikitilariek bestetako lehenbiziko musika doinuak eskainiko dituzte herrian barrena eginen duten kalejiran. Bezpera izaki, afaltzeko Baztan-zopak dastatuko dituzte mahai inguruan eta gauerditik aitzinera dantzaldia izanen da Salaberrirekin.

Larunbata herriko zaindariaren San Lorentzoren eguna izanen da eta mezarekin batera ohikoa diren familia-otorduak izanen dira. Los Tajudos del Norte mariatxiak, joaldunak eta Oharkaberen musika izanen dira aipagarriak. Igandean haurrek beren eguna ospatuko dute, joko eta puzgarriekin, Hauspolariekin dantzaldia izanen delarik eta astelehenean Beñatek girotuko duen zikiro-jatearekin bukatuko dituzte bestak. - F.A.G.