beasain - Datorren asteburuan, hilaren 13, 14 eta 15ean jokatuko da beste behin ere Beasainen Beasain Futbol Festa. Loinazko San Martin plazan kokatuko dira partidak eta horretarako guztia egokitu egingo dute.

Bertan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute biharko, orduan amaituko baita epea. Gauzak horrela, San Inazio kalean kokatzen den Seguros Bilbaoren bulegoan, geltoki ondoko Xerbera tabernan edo Igartza Futbol Zelaiko tabernan egin beharko da izen-ematea.

Hiru egun luzez, asteburu osoa hartuko duen festa izango da, eta helburu nagusia futbola herriaren bihotzera, herriko plazara, ekartzea da. Aitzakia hori hartuz, beste urteetan egin duten moduan, egitarau oparoa antolatu du Beasain Kirol Elkarteko zuzendaritza taldeak.

Ostiralean, hilak 13, Urkiola jatetxetik zuzenean eskainiko da Onda Vasca irratiko La movida deportiva irratsaioa eta ekintza horrekin emango diote hasiera asteburu osoko jaiari. Haurren partiduak arratsaldeko lehen orduan hasiko dira eta asteburu osoan etengabe jokatuko dira igandera bitartean. Hala, arratsaldeko 16.00etan hasiko dituzte partidak, 3x3 moduan jokatuz. 20.30era arte, etenik gabe arituko dira gaztetxoak jokoan, eta hori amaitutakoan, Beasain Kirol Elkartea osatzen duten taldeen aurkezpena egingo dute.

Futbola nagusi izango bada ere, partidek iraun bitartean gerturatzen direnek jateko eta edateko aukera izango dute, bertan jarriko den taberna eta jatetxearekin.

Larunbatean 9.30ean hasiko dira partidak, eta 20.30arte iraungo dute. Bitartean, 11.00etan, udaletxeko arkupetan kamiseta margoketa tailerra eskainiko da.

Igandean ordu berean hasiko dira norgehiagokak eta eguerdira arte egongo da lehia. Amaitutakoan, 14.30ak aldera, futbolaren festari amaiera emateko paella erraldoia sukaldatuko da. Haurren partiduei dagokionez, adinen arabera maila ezberdinetan egongo dira banatuta partiduak. Nola ez, parte-har-tzaile guztiei banatuko zaie aurtengo edizioko oroigarria eta kamiseta azken egunean.

Urteroko legez, Beasain Kirol Elkarteak antolatzen duen jaialdi honekin futbola herritartzeko asmoa bete nahi da. Herriaren erdigunean, plaza nagusian, bi futbol zelai txiki jarrita txikienei futbolaren “harra” barneratu nahi zaie etorkizuneko Beasain Kirol Elkarteko jokalari edo zale izateko helburuarekin.