Errenteria - Habian! hazitegiak oihal eta sokazko koilareak egiteko tailerra egingo du Korapiloak izenburupean, urriaren 4ean (ostirala) 18.00etan Errenteriako Torrekua eraikinean (Jautarkol plaza).

Jone Taberna Estombak, bitxigile, ilustratzaile eta diseinatzaileak, gidatuko du tailerra, eta bertan, ekoizpen prozesua ezagutzeaz gain, parte-hartzaileek etxera eramango dute beraiek egindako koilarea.

Tailerrean parte hartzeko ez da ezaguerarik behar, eskulanak gustuko dituen gazte (hamabi urtetik gorakoak) edo helduentzat zuzendua dago eta gehienez hamar lagunek hartuko du parte. Hori bai, tailerra burutu ahal izateko gutxienez zazpi pertsonek eman beharko dute izena.

Izena emateko epea urriaren 3an edo ikastarorako hamar plazak betetzen direnean amaituko da, izen-emate ordenaren arabera. Izena emateko honako bitartekoren bat erabil daiteke: habian@oarsoaldea.eus helbide elektronikora mezu bat idatziz edo 943 494 129 telefonora deituz.

Oarsoaldea garapen agentziaren laguntza du ikastaro honek antolakuntzarako eta horiek horrela, tailerraren prezioa hamar eurokoa izango da.

Tabernak torrija izenarekin bataiatu zituen soka eta oihalezko koilareak eta nola egiten diren ikusi eta bat fabrikatzeko aukera izango du parte-hartzaileak. Korapilo eta tolesduraz, silikona pistolen laguntzarekin norberaren gustuko koilarea sortzea da asmoa.

Teknikaz gain, kolore eta testuaren konposaketa jarriko dira praktikan, parte-hartzaile bakoitzaren diseinua bakarra izan dadin. Objektu artistiko janzgarri bat izatea da piezen helburua eta oihal birziklatuekin egin daiteke. - A.M.