beasain - Astearte goizetan egiten da Beasainen asteroko azoka, Loinazko San Martin plaza azpian. Udalak azokako ekoizleen artean urtero antolatzen du Errezil sagar eta fruitu eta barazki lehiaketa, bertako baserritarren lana balioan jarri eta saritzeko helburuarekin.

Atzo goizean egin ziren bi lehiaketak, Mikel Zugazagasti, Foru Aldundiko landa garapeneko eta nekazaritza egituretako zerbitzu burua eta Carmen Gimeno, eskualdeko nekazaritza bulegoko arduraduna epaimahaikide zituztela. Errezil sagarraren kasuan, lehen saria Lazkaoko Altune baserriko Maria Jesus Mujikak eraman zuen, Beasainmendiko Murugoena baserriko Iñaxi Aranburuk bigarrena, eta hirugarrena Beasainmendiko Ondarre baserriko Maria Luisa Urrestarazurentzat izan zen.

Fruitu eta barazki lehiaketak 30. urtemuga bete zuen atzo, eta Zegamako Altzibar baserriko Josetxo Mendiaren produktuek jaso zuten balorazio altuena. Aramako Iturriotz baserriko Patxi Arizmendik bigarren postua eskuratu zuen, eta hirugarrena, berriz ere Altune baserrikoentzat izan zen. Gustura hartu zituzten sariak irabazleek, saltzeari utzi gabe, baina irribartsu.

Udalak bertako eta garaian garaiko produktuen kalitatea eta kontsumoa sustatu nahi du kontsumitzaileak azokara erakarriz lehen sektorea indartzeko asmoarekin. Bide batez, bi txapelketa horiez gain, azokako ekoizle helduenari omenaldia egiten zaio urtero atzoko egunez, eta aurtengo edizioan bi sari irabazi dituen Maria Jesus Mujikarentzako izan da.

Asteartero azoka izateaz gain, hilabeteko lehen larunbatetan ere hala egiten dute, eta bertan tailerrak egiten dituzte.