elizondo - Aritz Alunda arraioztarrak eta Gorka Urtasun iruritarrak irabazi dute Euskal Herriko Paxaka Txapelketa, lehen mailan. Igandean, Zuraideko trinketean jokatutako finalean 13-9 nagusitu ziren Urruñako Cristian Ourkia eta Olivier Usarralderen aitzinean. Baztan-Errekako bikote batek lehen mailako txapela janzten duen lehenbiziko aldia da, beraz, garaipen historikoa Laxoa Elkartearendako. Lehenago ere aritu izan dira Laxoa Elkarteko pilotariak Euskal Herriko paxaka txapelketan, eta duela urte batzuk 2. mailako txapelketa ere irabazi zuten Iruritako Oskar Urrutia eta Guillermo Etxenikek, baina lehen aldia izan da, 1. mailakoa irabazten dutela.

Final lehiatua suertatu zen, eta parekotasunaren erakusgarri, lehenbiziko jokoaren iraupena, izan ere, 15 minutu behar izan zuten senpertarrek lehen jokoa irabazteko. 0-2 ere aitzinatu ziren, gero, 3-2, 3-3, 4-4, 6-4, 6-7, 7-7 eta 8-8ko berdinketara arte parean ibili ziren, baina lau joko segidan eginez (12-8) hautsi zuten lehia baztandarrek, azkenean 13-9 irabazteko, ordu eta erdiko partidaren ondotik.