- Laxoa udaberri eta udarekin lotzen dugu gehienbat, eta ez da kasualitatea, izan ere, aire librean jokatzen den pilota modalitatea izaki, eguraldiaren menpe egoten da beti. Aurtengoa, dena den, ez ohiko urtea da. Iazkoa bezala, baina bertze arrazoi batengatik. Iazkoa urte berezia, borobila izan zen Laxoa elkartearendako, eta oro har, laxoarendako. Batetik, jarraian jokaturiko 40. txapelketa ospatu zen, eta zenbaki berez borobil hori, are gehiago borobildu zuen Nafarroako Gobernuak laxoa Kultur Inetereseko Ondare aitortzeak. Aurtengoa, aldiz, koronabirusak baldintzatutako urtea da. Urte hasieran elkartea ilusioz ari zen lanean, aurtengo urterako berrikun-tzak programatuta, batetik Baztan-Malerreka desafioa, zeina azkenean, hiru hilabete beranduago, bukatu den, (pasa den larunbatean jokatu zen finala). Bertzetik, aurten Kopa antolatzea erabaki zuten, eta bai, jokatuko da, ai-tzitik, elkartetik erran dute seguru aski, aurten ez dela Laxoa txapelketarik jokatuko.

Aurtengo txapelketa martxoa bukaeran hastekoa zen, dena prest zegoen, baina alarma egoerak dena zapuztu zuen, eta orain, txapelketa behin behinean baztertuta, koparen txanda da. Udazkenean txapelketa jokatzeko aukeraren bat egon daiteke, baina elkartetik diotenez, probabilitate gutti dago.

Dena den, kopa bai, jokatuko da. Gaur hasi eta abuztuaren 2an bukatuko da, Arraiozko plazan jokatuko den finalarekin. 11 talde lehiatuko dira, Doneztebeko 6, Arraiozko 2, eta Irurita, Oiz eta Donibane Lohizuneko bana. Hain zuzen ere, azken hau da lehiaketako berrikun-tza. Azken urteetan eskualdeko taldeak soilik lehiatzen dira hemen, eta aurten Donibane Lohizuneko talde batek ere parte hartuko du, etxeko partiduak Iruritan jokatuko dituelarik.

Kanporaketa bakoitzean 5 jokutako 2 partida jokatuko dira, asteburu berean, lehen partidua plaza batean eta bertze taldearen plazan bigarrena. Zorteak erabaki du Irurita, iazko txapelduna, lehen kanporaketatik salbuetsita geditzea eta zuzenean hurrengo fasera pasatzea. Iruritarekin batera, bigarren kanporaketan, lehen kanporaketa gainditzen duten 5 taldeak eta galtzaileen artean bi talde hoberenak ariko dira. Horrela, 8 taldek osatuko dute 2. fasea. Hemendik aurrera, kanporaketak formatu normalean izanen dira. Irabazleak aurrera eginen du eta galtzailea kanpoan geldituko da, finalera arte.

Lehenbiziko partiduak gaur izanen dira, Arraioz Zubiondo-Doneztebe Avia, 16.00etan; Donibane Lohitzune-Doneztebe Zarbonet, 17.00etan eta Doneztebe Titi-Doneztebe The Moment, 10.30ean; bihar, Arraioz Sagardia-Oiz, 10.30ean eta Doneztebe Apezteguia-Doneztebe Ameztia, 16.00etan.