Heldu den igandean, abenduaren 27an, jokatuko da Mariano Izeta bertso sariketa Iruritan, Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Baztango Udalak antolatuta. Aurten ez ohiko formatua izanen du, izan ere egun bakarrean ospatuko da, goizean bi kanporaketa izanen dira eta arratsaldean finala.

16 eta 30 urte bitarteko Nafarroako 16 bertsolarik hartuko dute parte Iruritako Gizarte Bilgunean eginen den sariketan. Goizean bi kanporaketa izanen dira, lehenbizikoa 11.00etan, Patxi Castillo, Bittori Elizalde, Irati Majuelo, Aitor Irastortza, Egoitz Gorosterrazu, Ainara Ieregi, Mikel Lasarte eta Beñat Astiz ariko dira bertsotan, Maialen Belarra gai-jartzailearen erranetara. Bigarren kanporaketa 12.45ean izanen da, Sarai Robles, Amaia Lasheras, Endika Legarra, Etxahun Azkarraga, Xabat Illarregi, Ekhiñe Zapiain, Idoia Granizo eta Ekain Alegre bertsolariekin, Ainhoa Larretxea gai-jartzailea dela. Bi kanporaketa hauetatik sei bertsolari sailkatuko dira 17.30ean ospatuko den finalerako, kanporaketa bakoitzeko lehenbiziko sailkatuak eta gainerako lauak puntuazioaren arabera. Finalean Ander Aranburu izanen da gai-jartzailea.

Goizeko bi kanporaketetarako sarrera librea izanen da, baina aforoa kontrolatzeko neurriak direla eta, nahi eta nahiez erreserbatu beharko da tokia, nafarroa@bertsozale.eus helbidera idatzita, eta izen-abizenak eta kontakturako telefonoa utzita.

Finalerako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian erosi beharko dira. Egunean berean, saldu gabeko sarrerarik geldituko balitz, 16.00etan irekiko litzateke txarteldegia.

2004. urtean antolatu zuten sariketa lehenbiziko aldiz, eta bi urtean behin jokatu da ordutik; tarte horretan, ondorengoak izan dira txapeldunak: Jon Barberena, Oier Lakuntza, Jon Elizetxe, Iñaki Aleman, Aimar Karrika, Saioa Alkaiza, Joanes Illarregi eta Saats Karasatorre.

Mariano Izetak (Elizondo, 1915-2001) herri kultura eta bereziki bertsolaritzaren alde egindako lan handia esker-tzeko helburua du bere izena daraman sariketak. Lanbidez erloju-konpontzailea zen Izeta, baina horretaz aparte lan handia egin zuen herri kultura eta ondarea biltzen eta ezagutarazten. Egindako guztiagatik, Baztango seme kuttuna izendatu zuten. Idazle, “Nafar Izkuntza”-ko kolaboratzaile, Ohorezko Euskaltzain ere izendatua, Baztango hiztegien egile, mutil-dantzen sustatzaile,… hamaika kontutan ibili zen Izeta.

Bertsolaritza izan zen bere zaletasunik handienetakoa. 1936. urtean egin zen lehen Nafarroako Bertsolari Txapelketa antolatzen lagundu eta hortik aurrera hamaika bertso saio antolatu zituen. Nafarroako Bertsozale Elkarteko ohorezko presidentea zen.

Izeta Sariketak, Nafarroako bertsolari gazte eta hasiberriei bultzada ematea du xede, plazak eskainiz, haien bertsogintza garatu eta ezagutzera eman dezaten.