Pasa den urtean, pandemiaren eraginez, ezin izan zen Amaiurren, abuztuaren 15ero egin ohi den artzain zakur txapelketarik ospatu. Azken hamarkada luzeetan urtez urte ospatu da Euskal herriko artzain zakur hoberenak bildu ohi dituen lehia, eta lehenbiziko aldiz egin gabe gelditu zen. Aurten bai, heldu den igandean berriz ere eginen da 45. edizioa beteko duen txapelketak, XVI. Patxi Etxeberria memoriala, eta urtebeteko behartutako geldialdiaren ondotik izanen da hain gustagarria den txapelketaz gozatzeko aukera.

Aurten Euskal Herriko txoko desberdinetatik 10 artzain hurbilduko dira Amaiurrera beren zakurrekin. Iaz ez zenez inolako txapelketarik ospatu, aurtengo gonbidatuak duela bi urteko txapelketetan nabarmendutakoak izanen dira, Iparraldeko txapelduna izan ezik, pasa den igandean Baigorrin burutu zen aurtengo txapelketa irabazi berritan Michele Axeritogarai iholditarrak, Izar zakurrarekin, Amaiurren estreinatuko du bere txapela. Bera izanen dela igandean parte hartuko duen emakumezko bakarra. Berarekin batera bertze bederatzi gizonezkok hartuko dute parte: sortzez elizondoarra den Juan Mihura heletarrak Luk zakurrarekin hartuko du parte, duela bi urteko Amaiurko irabazle gisa; Julen Arburua lekaroztarra Ipar zakurrarekin; Hazparneko Gilles Etxegoienek Guaia zakurrarekin, Oñatiko txapelduna; Antonio Alustiza aresoarra, Aske zakurrarekin, Nafarroako txapelduna; Inaxio Irakulis Amorebieta-Etxanokoa, Beltz zakurrarekin, Bizkaiko eta Euskal Herriko Border Collie txapelduna; Mutrikuko Javier Zubiaurre, Mendi zakurrarekin, Gipuzkoako txapelduna; Aitor Urien abadiñoarra, Nahi zakurrarekin; Aldudeko Marcel Hualde, Laia zakurrarekin, Euskal Herriko txapelduna; eta Antzuolako Javier Gaztañaga, Artzai zakurrarekin, Gipuzkoako Border Colllie txapelduna.

Ohikoa den gisan, hiru froga izanen ditu txapelketak. Froga hauek baztergarriak dira eta zakurraren abilidadea ez ezik, obedientzia ere neurtzen da. Hasteko, ardirik gabe, zakurrek banderinez osaturiko zirkuitu bati itzulia eman beharko diote; gero, ardiak hartu eta artzainaren ondora hurbildu beharko dira tartean ateka bat pasatuta; eta azkenik, ardiak hesi baten barnera sartu eta atera beharko dituzte.

Aurtengo hitzordua desberdina izanen da, izan ere, ez da ohiko desfilerik izanen, zuzenean belardian elkartuko dira artzainak, zakurrak eta publikoa. Aitzineko urteetan goizean ardi azienda sariketa eta gasna lehiaketa izaten dira urtero, baina aurten ez da halakorik izanen, soilik 17.00etan ospatuko den artzain zakur txapelketa.

NOAIN 1521 IKUSKIZUNA Aurten ez da Amaiurren bestarik izanen, baina igandeko txapelketaz gain, ortziralean ere kultur ekitaldi eder batekin gozatzeko aukera izanen da. Euskal Herriko Txistularien Elkartearen eskutik eta Amaiurko Herria eta Gaztelu Elkarteak antolatuta, ortziralean 21.00etan Noain 1521 ikuskizuna eskainiko dute.

Hainbat txistulari eta metalezko instrumentu jolek osatzen dute Aitor Urkizaren zuzendaritzapean arituko den taldea. Musikariez gain, dantzariak ere izanen dira, eta pantaila handi batean Xavi Berraondo zine zuzendariak prestatutako ikus entzuneko bat ere proiektatuko da. Guztia Ventura Ruiz aktorearen aurkezle-narratzaile lanarekin.

Ikuskizuna herriko ostatu gibeleko belardian izanen da, osasun egoerak hala baldintzatuta, ikus-entzule guztiak eserita egonen dira eta maskara jartzea nahi eta nahiezkoa izanen da.

Ikuskizunaz gozatu ahal izateko sarrerak 10 euroan daude salgai, batetik Amaiurko Arkeologia Zentroan, eta bertzetik, info@amaiur.eus helbidera idatziz edo 659099309 telefonora deituz ere erreserba egin daiteke. Bizum edo transferentzia bidez ordaindu beharko da. 11 urte arteko haurrek sarrera doan izanen dute.