Laxoa Elkarteak lanean segitzen du eta negua hurbiltzen ari dela eta plazan jokatzen den laxoa modalitatea alde batera utzita, paxaka denboraldiaren txanda da orain. Azken urteetako ohiturari jarraiki, Laxoa Elkarteak antolatutako Baztan-Errekako XXII. Paxaka txapelketa prest dago, gaur hasiko da Iruritan. Aurten Baztan eta Malerrekako hemezortzi pilotarik eman dute izena eta herri desberdinetako pilotariak nahasita osatu dira sei hirukoteak. Iruritako Aranabia pilotalekuan jokatuko dira txapelketako partidu guztiak. Lehenbizi ligaxkan, denak denen kontra arituko dira eta bi lehenbizikoak zuzenean sailkatuko dira ilbeltzaren 9an jokatuko dituzten finalerdietarako. Gainerako lau hirukoteek, berriz, final laurdenak jokatuko dituzte astebete lehenago eta irabazleak ariko dira bi lehenbizikoen kontrako finalerdietan. Final handia ilbeltzaren 16an jokatuko dute.

Lehenbiziko jardunaldia 16.00etan hasiko da eta hiru partida jokatuko dira: hasteko, Oskar Urrutia (Irurita), Iker Bereau (Oiz) eta Juan Mari Maia (Elizondo); Xabier Barberena (Irurita), Egoitz Prim (Irurita) eta Aritz Alundaren (Arraioz) kontra.Bigarren partiduan, Gorka Urtasun (Irurita), Ugutz Zelaieta (Oiz) eta Jabi Apeztegia (Doneztebe), Ioritz Zelaieta (Oiz), Laurendi Zelaieta (Oiz) eta Iban Juanenaren (Doneztebe) contra; eta azkenik, Jon Apeztegia (Doneztebe), Mikel Telletxea (Doneztebe) eta Iban Santesteban (Doneztebe); Manu Irigoien (Erratzu), Mikel Sagaseta (Irurita) eta Kaiet Itoitzen (Erratzu) kontra.