Heldu den astean akituko da aurtengo ikasturtea. 2021/2022 aldia ere berezia izan da, azken urteetan bezala, pandemiak eragina izan baitu ikastetxeetako jardunean, nahiz eta, zorionez, azken hilabeteetan COVID-19aren eragina alde batera gelditu den eta ikasgela, patio eta jangeletan lehenagoko martxa berreskuratu den.

Aspaldiko partez ere, ikasturte bukaeran ohikoak izaten ziren bestak berreskuratu dira eta asteburuan, Elizondon Baztan Ikastola Udal Eskola Publikoak eta Elizondoko Eskola Publikoak beren ospakizunak egin dituzte.

Larunbatean ikastolaren txanda izan zen. Ehunka ikasle, guraso, irakasle eta baita ikasle ohi eta irakasle ohi ere elkartu ziren Elizondoko Iriarte pilotalekuan ospakizun gune izan zuen jardunaldian.

Goizean goizetik guraso elkarteko kideek atondutako pilotalekuan elkartu ziren eguerdian, eta bazkal aitzinetik, Mari Joxe Iturralde, jubilazioa hartuko duen irakaslearen omenaldia egin zuten. Sortzez Zozaiakoa, andereño Mari Joxek, 42 urte eman ditu Baztan Ikastolan irakasle lanetan, eta merezitako aitortza egin zion ikastolako komunitateak. Bere lankide izan dituen irakasleek, guraso elkarteko kideek, eta ikasleek ere parte hartu zuten ekitaldian. Bere ibilbidea eskertzen zuen eta bere konpromisoa goraipatzen zuen idatzi eta olerki baten ondotik, bera tutore izan den azken taldearengandik lore sorta bat jaso zuen, opari desberdinez gain. Ohorezko aurreskua ere eskaini zioten, aski ekitaldi hunkigarrian.

Gero, ehunka lagun mahai inguruan elkartu ziren bazkaltzeko, eta bazkal ondoren, haurrendako puzgarriak izan ziren, baita dantzaldia ere.

Igande honetan, berriz, Elizondoko Eskola Publikoaren txanda izan zen. Ikastetxean berean ospatu zuten besta. Goizean goizetik ekimen ugari izan zituzten, euskal dantzak, pilota finalak, aurpegi margoketak, puzgarriak eta erraldoi eta buruhandiak. Gero haurrek jangelan bazkaldu zuten eta helduek eskolako frontoian, eta arratsaldean ere, izan zen non josta, ur eta ponpa bestarekin eta musikarekin dantzatu eta kantatzeko aukera izan zen.

Ez ohiko ikasturte berri batek ohiko bestak ekarri ditu berriz ere Baztanera.