Bi urteren ondotik Santio bestetarako prest dago Elizondo
Bihar Sami Ouady eta Teresa Motosek botako duten altxaferoarekin hasi eta ortzegunera arte luzatuko dira
Bi urtez ezin ospatu egon ondotik Elizondon ere Santio bestetarako prest daude. Igande honetan hasiko dituzte bestak eta ortzegunera arte besta giroan murgiltzeko gogotsu daude herritarrak, izan ere, nahiz eta pasa den urtean Santio bestetan egunez egun ekitaldi kulturalak antolatu ziren, ez zen ohiko bestarik ospatu, eta aurten bai, pandemia aitzineko gisara burutuko dituzte ospakizunak.
Bestak igande honetan hasiko badira ere, larunbatean ere izanen da non josta, izan ere, Baztango Gazte Eguna ospatuko da Baztango gaztetxean. Hasiera batean bazkaria, bingoa eta jokoak antolatuak bazeuden ere, 19.00etan abiatuko dute besta, mojitadarekin. Gero, 23.00etatik aitzinera kontzertuak izanen dira, Etxekalte eta Pinpilinpussies taldeekin.
Igande eguerdian izanen da besten hasmenta ofiziala, Foruen Plazatik botako den altxaferoarekin. Urtero Elizondoko ikastetxeetan egiten den marrazki lehiaketaren irabazlea izaten da lehenbiziko suziria pizteko ohorea izaten duena, eta aurten Sami Ouady Dyian izan da aukeratua. Dena den, aurtengo suziria berezia izanen da, Samiz gain, Teresa Motos Izetak ere piztuko baitu altxaferoa. Duela 30 urte, 1992an Bartzelonan izandako Joko Olinpikoetan urrezko domina irabazi zuen elizondarrak belar hockeyan, eta Elizondoko herriak aitortza gisa eskaini dio suziria piztea.
Lehenbiziko suziriarekin lehertuko dira, honenbertzez, Santio bestak, eta bestak indarrez hasteko, ohitura den bezala, Baztan Zopak dastatzeko aukera izanen da, erraldoi eta buru handien konpartsa abiatu aitzinetik. Ttipienek hain gustuko dituzten konpartsako protagonistekin egunero izanen da hitzordua, ibilbide desberdina gauzatuz, herriko txoko guztiak bisitatuko dituztelarik.
Dena den, erraldoi eta buruhandiez gain, egunez egun egitarau oparoaz gozatzeko aukera izanen da, besta batzordeak denengan pentsatutako ekitaldiak antolatu baititu.
Musika izanen da bestetako protagonista nagusietako bat, eta egunez egun aniztasunaren aldeko hautua egin dute antolatzaileek, adin eta gustu guzietako publikoarengan pentsatuz. Ez da ohiko kontzerturik faltako, ezta disko jartzailerik, eta mariatxi eta erromeria taldeek ere izanen dute beren lekua.
Haurrendako ekitaldi ugari ere izanen da, ginkana, ludoteka, puzgarriak, ipuin kontalariak eta magia ikuskizunak, adibidez.
Kirolak ere protagonismo handia izanen du, pilotari profesionalen zein gaztetxoen jaialdiekin, Nafarroako XVII. Erremonte txapelketarekin edota, lau urteren ondotik astelehenean berriz ere abiatuko den Nafarroako Herriz herriko herri kirol txapelketarekin.
Ekitaldi kultural ugari ere barnebilduko dituzte Elizondoko bestek, bertso saioa, Iruritako dantzarien emanaldia,edota Recreo Musika Bandaren kontzertua.
Aspaldiko urteetan egiten diren tradiziozko ekitaldiak ere ez dira faltako, horien artean, argi soinuak, mutildantzak, Elizondoko Abesbatzaren Salbea eta Santio eguneko meza.
Bazkari herrikoiak ere izanen dira, koadrilena eta zikiroa, aurten berrikuntza batekin, zian ere, lehenbiziko aldiz barazkijaleendako menua ere eskainiko baita. Hori bai, zikiro jaterako salgai jarritako 600 txartelak dagoeneko agortuak daude.
BEZPERA Dena prest dago beraz, igande honetan bestei ekiteko. Eguerdian izanen da hitzordua, plazan, altxaferoa bota, Baztan Zopak dastatu eta erraldoi eta buruhandien konpartsaren itzuliarekin hasiko dira. Arratsaldean, 16.00etan haurrendako ginkana izanen da igerilekuan; 17.00etan Baztan pilotalekuan erremonte partiduak izanen dira, lehenbizi Sagaseta-Ion, Iturregi-Saldiasen aurka eta gero, Nafarroako Erremonte txapelketaren baitan, Uterga-Agirrezabala, Jabalera-Mitxeoren aurka. 18.00etan Iriarte pilotalekuan Hodei magoaren ikuskizuna izanen da, gero karrikdantza, eta 20.00etan Santiago parrokian Salbea Elizondoko Abesbatzaren eskutik. Arratsean musikarekin hitzordu bikoitza, batetik, Foruen Plazan 22.30ean hasita Sofocaos, Brigade Loco, Dinamita eta Tirri&Tery; bertzetik 23.30ean Merkatuko Plazan disko jartzaileak ariko dira: Aimar Oskariz, Javi2, 2octal, Red3r eta Xinto.