Herri baten iragana ezagutzea garrantzitsua da oraina ulertzeko, eta beharbada etorkizunera begira jartzeko ere. Iruritan horren jakitun dira, eta iragana orainaldira ekartzeko helburuarekin lanean aritu dira azken hilabeteetan. Herritarrek dagoeneko ezagunak zituzten bi ibilbide garbitu, markatu eta panel informatiboekin hornitu dituzte, herrian aurki daitekeen ondarea erakutsi eta herriari buruz gehiago ikasteko helburuarekin. 

Ibilbidean zehar hainbat panel informatibo jarri dituzte. Iruritako herria

Lan gogor bezain ederra burutu dute auzolanean iruritarrek, eta pasa den larunbatean emaitza erakusteko hitzordua finkatu zuten. Herriko plazan elkartu ziren eta prestaturiko bi ibilbideak hobeki ezagutzeko bisita gidatua egin zuten, herriko alkate Pello Iriarteren azalpenekin lagunduta.  

Iriartek azaldu duenez, “ez dira ibilbide berriak, herritar aunitz pasatzen da batetik zein bertzetik, pasaietan, baina beharbada aunitzek ez du bidean aurkitzen duenean erreparatzen”. Herriko parajeen izenak ezagutu, horien gibelean zer dagoen hausnartu eta panel informatiboei esker informazio gehigarria ematen saiatu dira. Iruritako historia, natura eta etnografia balioan jartzeko helburuarekin prestatu dituzte ibilbideak, herritarren auzolanari esker eta Baztango Udalaren laguntzarekin. 

Bi ibilbideak herriko plazatik abiatzen dira. Batek 1,3 kilometroko luzera du, ibilbide lineala da eta Ibur errekaren bazterretik iragaten da, bertan aurki daitezkeen errotak ezagutzeko baliagarria, eta baita zeharkatzen dituen parajeen izenak eta izanak jasotzeko. Ibilaldi ederra da, atsegina, edonork egiteko modukoa. Oinez egiteko prestatua dago, baina etorkizunean ere bide berdearekin lotzeko aukera aztertze ari dira. 

Leku interesgarriak seinaleen bidez adierazi dira. Iruritako herria

Bigarren ibilbidea luzeagoa da, 3,3 kilometrokoa, eta kasu honetan, zirkularra. Herria bera eta bertan dauden plazak, dorrea, jauregiak, ferrategia, kisulabeak, errota eta bordak ezagutzeko aukera ematen du.

Herriaren ondarea eskuragarriago jartzeko asmoz prestatu dituzte ibilbide eta panelak, eta sasiek gordea zuten kisulabe handi bat ere berreskuratu dute, Iriarteren erranetan, “kisulabe ikaragarri handia da, aunitzendako ezezaguna zena, sasiek ez baitzuten ikusten uzten”. Ohiko kisulabeak baino handiagoa da, nonbait “era industrialean” lan egiten zuten hor, urte maiztasun handiarekin eta soldatapeko langileek kudeatuta. Bigarren kisulabe bat ere, ttipiagoa, sasipean aurkitu dute, eta etorkizunean hori ere azaleratzeko asmoa dute.  

Bi ibilbideak prestatzeaz gain, berriki Iruritan parking bat seinaleztatu dute. Herri sarrerako maldaren ezkerraldean kokatzen da, eta nahiz eta aspaldidanik hor dagoen, aunitzek ez zuten parking horren publikotasunaren berri. Seinale berriei esker, 12-14 ibilgailurendako tokia duen parkinga eskuragarriago dago orain.