Amaiurko guduaren 500. urteurreneko ospakizunek aitzinera segitzen dute eta pasa den larunbatean Erratzun egin zuten geldialdia. Amaia Elizagoienek idatzi eta Begoña Durrutyk ilustratutako Amaiur ipuinaren aurkezpenarekin. 

Amaiurko Gaztelu Elkarteak eta Erratzuko herriak antolatutako ekitaldia ez zen aurkezpenera mugatu, aitzinetik, dozenaka lagunen aitzinean ipuin kontaketa musikatua eskaini zuten Amaia Elizagoienek berak, eta Irati eta Leire Celestino Romok. 

Celestino ahizpek ere parte hartu dute Amaiur liburuan, bere baitan dakarren QR kodearen bidez deskarga daiteken ipuin musikatuaren egikaritzan. Ipuin kontaketa gozagarria suertatu zen, eta bertaratutakoek txalo artean hartu zuten. 

Jende auntiz hurbildu zen Erratzuko plazara ipuin musikatuarekin gozatzera. Ondikol

Gero, Amaiurko Gaztelu Elkartearen azken argitalpenaren aurkezpena izan zen, eta bertzeak bertze Kaiet Itoitz eta Ixabel Aleman, hurrenez hurren Erratzuko eta Amaiurko alkateek parte hartu zuten. 

Alemanek azaldu zuen Amaiur ipuinaren lehenbiziko hazia Jon Barberena zenak jarri zuela duela 10 urte, Gaztelak Nafarroa konkistatu zueneko 500 urteurrenaren baitan. “Jon eskola ttipietan irakaslea zen eta guk gure garaian Amaiurren gertaturikoari buruzko informaziorik jaso ez genuenez, gaur egungo haurrek horren berri izan zezaten pentsatu genuen, hortaz, ipuin bat idatzi zuen eta Asisko Urmenetak egin zituen marrazkiak. Eskolako material gisa gelditu zen”. Urte batzuk geroago, Amaiurko konkistaren 500. Urteurrenaren harira antolatutako ekitaldien baitan duela 3 urte zendutako Barberenari omenaldi gisa Amaiur liburua egitea erabaki zuten, eta Amaia Elizagoienek eta Begoña Durrutyk gauzatu dute egitasmoa. 

Biek ala biek azaldu zuten erronka ilusioz hartu zutela eta buru belarri aritu dira lanean, emaitza zoragarria lortzeko bidean. Nabari da lana, nabari da ilusioa eta lanean jarritako maitasuna.

Elizagoienek aipatu zuen Jonek berak kontatu ziola ipuina duela urte batzuk, eta Barberenarekiko zuen miresmena tarteko, proiektu honetan parte hartzea berezia izan dela aitortu zuen. Barberenak bere poesía eta bertsoen bidez transmititzen zuen hura ipuinean transmititu nahi izan duela azaldu zuen Elizagoienek bertzeren artean.

Liburuari loturiko protagonistak familia argazkian bilduak. Ondikol

Ipuinean ere Jon ageri da, bere iloba Asierrekin batera, biak dira protagonista. Istorio ederra, alaia, koloretsua osatu dute bi artista baztandarrek, eta ziur etxe aunitzetan sartuko dela Amaiur ipuina. 

Zabalkunde lan horretan lagunduko du Berria egunkariak. Larunbatean Berria egunkariko zuzendari Martxel Otamendi ere bertan zen Historia kontatu beharra dagoela nabarmendu zuen eta azaldu zuenez Berriaren dendan eskuragarri egonen da liburua. 

Larunbateko aurkezpen ekitaldia borobiltzeko, Jon Barberenaren omenaldi gisa, bere bikotekideak eta anaiak, liburuan agertzen diren marrazki bana jaso zituzten opari gisa.