Jendetza bildu zen asteazken honetan Elizondoko karriketan Erdizko bazkalekua bere horretan mantentzearen alde, Erdiz Bizirik plataformak deituriko manifestazioan. 2.000 lagun inguruk zeharkatu zituzten herriko karrikak, Baztango hainbat nekazarik zeramaten Landa eremuaren defentsan zioen pankartaren gibeleko aldean. 

Magnesitas Navarras (Magna) enpresak Erdizko bazkalekuan egin nahi duen meategiaren harira antolaturiko manifestazioa da, duela 15 urte egindakoaren parekoa. Izan ere, hogei urte baino gehiago dira multinazionalak Erdizen meategia egiteko asmoa agertu zuenetik. Orduko hartan, hainbat urteetako gora beheren ondotik eta jendartearen kontrakotasuna tarteko, Magnesitas Navarrasek proiektua, behin behinean, alde batera utzi zuen.

Dena den, duela 3 urte, Eugiko ustiategia agortzeko urte gutxi falta direla argudiatuta, duela bi hamarkada martxan jarri nahi zuen egitasmoa berriz ere mahai gainean jarri du Magnak. 

Herritarrek, Baztango Udalak eta Baztango Batzar Nagusiak behin eta berriz aldarrikatu dute Erdizko bazkalekua baztandarrena dela eta baztandarrei dagokiela horren inguruko kudeaketa, eta bertan zerbait egitekotan, herritarrek erabaki behar dutela. Horren harira, informazioa partekatu eta eztabaida garden bat eman ondotik herri galdeketa bat egitea adostu zuen Batzar Nagusiak. Dena den, ekainean, Espainiako Gobernuak galdeketa hori ez zuen baimendu, eta hortaz, Batzar Nagusiak bertze galdeketa bat, kasu honetan ez erreferendarioa, antolatu zuen. Urriaren 23rako deituriko kontsulta hau ere alde batera utzi behar izan zuen Batzar Nagusiak, Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaritzak behartuta. 

Bien bitartean, Magnak bere meategi proiektua Nafarroako Gobernuaren aitzinean aurkeztu zuen uztailaren 29an Udalez Gaindiko Eragina duen Proiektu (UGEP) gisa. Proiektuarekin batera, Foru Intereseko Inbertsio deklaratzea galdegin zuen. Exekutiboak lau hilabeteko epea du proiektua UGEP gisa onartzen duen ala ez erabakitzeko. 

Testuinguru honetan egin zen manifestazioa. Izan ere, Erdizko bazkalekua Baztango bazkaleku handiena eta era berean aberatsena da. Uda honetan berean, bertze hainbat tokitan idortearen eraginez bazkarik gabe gelditu badira ere, Erdizen uda guztia eman du aziendak. Erran behar da, urtero, hamarnaka nekazari baztandarrek ehunak behi, zaldi eta ardi eramaten dituztela Erdizera alhatzera, eta horren erakusgarri, manifestazio buruan agertu zituzten hamarnaka behi, ardi eta zaldiak. Txalo artean hartu zuten manifestariek azienda, eta baita hauek zaintzen zituzten abeltzainak ere. 

Erdizko bazkalekuan alhatzen diren hainbat zaldi, behi eta ardi agertu zituzten manifestazioan. Ondikol

Multzo luzeak Santiago eta Jaime Urrutia karrikak zeharkatu ondotik, Foruen plazan akitu zen, ekitaldiarekin. Hainbat kantu eta bertso eman zituzten Baztango sortzaile ezberdinek, eta Erdiz Bizirik plataformako kideek manifestu bat irakurri zuten. 

Bildutako jendetzari eskerrak eman ondotik, argi erra nahi zian zuten “herri honek ez duela onartuko ez multinazionalen, ez gobernu arrotzen agindurik. Hemen herri duin eta burujabe bat dago, bere geroaren jabe dena eta izanen dena”.

Lanpostu duinak eta sostengarriak aldarrikatu zituzten “bai Baztanen, bai Esteribarren, multinazionalen xantaiaren menpe ez dauden lanpostuak, ingurugiroa xehatzen ez dituztenak, eta bizitzaren kontra ez doazenak”.  

Guztiaren kontra daudela diotenei ere solastatu zitzaizkien, “auza batzuen kontra gaude bai, eremu babestuak eta bazkalekuak xehatzearen kontra, ura eta airea kutsatzearen kontra, eta gure lurrak eta diru publikoa ebatsi nahi duten multinazional eta politikarien kontra. Batzuk dioten bezala, ez gaude beti kontra, Erdizen alde gaude, ur garbiaren alde, herri lurren alde, gure bizimoduaren alde, gure kulturaren alde, nekazaritza, lanpostu eta turismo sostengarriaren alde, herritarren osasunaren alde eta bizitzaren alde”.

Bide beretik, ozen erran zuten “ez dugu etsiko, manipulatu ezin dituzten eremuak baitaude eta hor ere borrokatuko dugu irabazi arte. Borrokatu eta erabakiko dugu, gure herrietako batzarretan, plazetan, karriketan, mendietan, herri lurretan eta oihanetan”.