Iaz hasi ziren Elizondon Gau Beltza berreskuratzeko lanetan. Aspaldiko ohitura omen zen urriaren 31n Euskal Herriko txoko desberdinetan ospatzen zen eguna, Gau Beltza edo Arimen eguna deiturikoa. 

Azken belaunaldiek ez dute halakorik ezagutu, baina adineko batzuek bai, eta honi eta bertzeari galdegin ondotik, Anizen, errate baterako, duela urte batzuk hasi ziren garai bateko ohiturak berreskuratu eta berriz ere Gau Beltza ospatzen. 

Geroztik, leku gehiagotara hedatzen ari da besta, Irurita, Berroeta, Lekaroz edota Elizondora, adibidez.

Iaz Baztan Ikastolako eta Elizondoko Eskola Publikoko gurasoak, Elizondoko Herriarekin elkarlanean hasi ziren ospakizuna berreskuratzeko lanetan, eta arrakasta handia izan zuen, nahiz eta pandemiaren eraginez azken orduan antolatu zuten dena.

Aurten denbora gehiagorekin antolatu dute eta iazko parte hartze handia izan bazuen, aurten are gehiago izan dira Gau Beltza ospatu dutenak.

Azken asteetan egindako dantza eta kantuen entseguek eta margotutako marrazkiek astelehen honetan izan zuten segida. Hasteko, Francisco Joaquin Iriarte adinekoen egoitzara hurbildu ziren haur eta gurasoak, lehenagotik egindako marrazkiak adinekoen egoitzako egoiliarrei oparitzeko. Hauek, trukean, fruituekin egindako eskulanak eman zizkieten, jateko. Gau Beltzerako prestaturiko Larrazkena eta Xanduli Manduli kantuak ere kantatu zituzten, eta gero kalejiran Iriarte pilotalekura hurbildu ziren denak. 

Aurpegi margoketa eta eskulan tailerrak egin zituzten Iriarte pilotalekuan. Ondikol

Berez herrian barna egin behar zituzten ekitaldiak, baina eguraldi txarren mehatxuak dena Iriarte pilotalekura mugatzea ekarri zuen. 

Jendetza bildu zen frontoian, eta adinen arabera, eskulan eta aurpegi margoketa tailerrak izan zituzten, txokolatesnea txurroekin jan ondotik. Segidan, ipuin kontalari batek istorio beldurgarri bat kontatu zuen, hurbildutakoak Elbeteko Karrikatxarren barna lagunduz, eta bestarekin bukatzeko, bakoitzak bere beldurrak erre zituen, berriz ere prestaturiko kantuak eta koreografiak eskainiz. 

Txokolatesnea eta txurroak merendatu zituzten. Ondikol

JATORRIA Gau Beltza edo Arimen Gaua urtearen heriotza, uzta bilketa eta hildako senideen oroimena ospatzen zituen besta zen. Iluntasunaren eta heriotzaren gaiez baliatuz, elkar beldurtuz jostatzen ziren. Ohikoa zen arbi edo kalabazak hustea, aurpegi itxura ematea, kandela bat sartzea eta bide bazterretan paratzea, barrideak beldurtzeko eta hildakoen arimei bidea erakusteko. Jendea ikaratzeko trapu zaharrekin aurpegiak estaltzeko ohitura ere arras zabaldua zegoen.

Azken urteetan gero eta gehiago dira Gau Beltza berreskuratzen ari diren herriak.