Baztandarren Biltzarra elkarteko kideek bestaren ardura uzten dutela jakinarazi dute. Astelehen honetan Baztandarren Biltzarraren egoitzaren kanpoko aldean emandako prentsaurrekoan elkarteko kideek “bihotzez eskertu” zuten urte hauetan jende anitzen laguntza boluntarioa jaso izana, halere, “denbora luzez ardura gure esku hartu dugu eta gure zikloa ixteko garaia dela sentitzen dugu”.

Dena den, argi utzi nahi izan zuten elkartearen gidaritza bertze talderen batek hartuz gero orain arte lanean aritutakoen laguntza izanen duela, “aholkuak emanez, bidelagun lana egiteko erabat prest” baitaude. Are gehiago, arras kontent jarriko omen dira “norbaitek segida ematen badio hainbertze urtez gure artean egon den besta eder honi”. 

Baztandarren Biltzarra elkarteko kideek agerraldian nabarmendu zutenez “urte anitz izan dira, arras politak eta aberatsak”. Eskerrak eman nahi izan zizkieten “60 urte hauetan, modu batean edo bertzean, elkarteari laguntza eman dioten guztiei. Gure euskarri izan dugun leloak biziarazi gaitu et ahori izan da gure oinarria. Beraz, ardura utzi arren, beti harro aldarrikatuko dugu: Baztanen eskuara barra-barra!”. 

BESTA KOLOKAN Tristura nabari zen astelehen honetan Baztandarren Biltzarra elkarteko kideen begiradan. Erabaki zaila hartu dutela adierazi zuten, nahiz eta ez den egun batetik bertzera hartutakoa izan. Urteak dira elkarteak boluntario berrien beharraz ohartarazi duela, baina ez da halakorik egon. Gainera, 2020an eta 2021an ezin izan zen bestarik egin, pandemiagatik, eta horrek ere ez du lagundu. Bestarik ospatu gabe pasatako bi urteen ondotik, iaz aunitz kosta zitzaien berriz ere dena martxan jartzea, halere, jende gutxi izanagatik, esfortzu handia eginez besta antolatzea erdietsi zuten. 

Orain, ikusi beharko da norbait prest ote dagoen lekukoa hartu eta Baztandarren Biltzarra besta antolatzeko. Baztandar guztiak elkartzen dituen besta da, urteko ospakizun garrantzitsuena aunitzendako, aski errotua eta maitatua, ez soilik baztandarrek, baita Euskal Herri osotik hurbiltzen den jendetzak ere. 

Pena litzateke bestarik ez egitea, are gehiago, aurten, lehenbiziko Baztandarren Biltzarra ospatu zela 60 urte betetzen diren urte honetan bestarik ez ospatzea. Azken urteurren borobilak bete direnean, keinu bereziak izan dira, erraterako, 40. Urteurrena bete zenean Baztandarren Biltzarrak diskoa argitaratu zuen, Jon Barberenak idatzitako letra M-n Ezten taldeak musikatu zuelarik. 10 urte geroago, 50. urteurrenean ere bertze kantu bat grabatu zuen elkarteak, Trikidantz taldeak, Fernando Anbustegiren hitzak musikatuta. Gainera, urte berean, 2013an, ordura arte urte luzez erabilitako Eskuarak batzen gaitu leloa ordezkatu zen, azken urteetan indarrean egon den Baztanen eskuara barra-barra, lelo berriarekin. 60. urteurrena hemen da, eta ikusitakoak ikusi, ez litzateke gutxi Baztandarren Biltzarra ospatzea ere, dena den, horretarako jende berriaren inplikazio beharrezkotzat jo dute orain arteko eragileek.

HUTSUNEA 60 urte dira, erran bezala, lehenbiziko Baztandarren Biltzarra ospatu zenetik, baina egitekotan, ez litzateke 60. edizioa beteko, izan ere, arrazoi desberdinak tarteko, baztandarren senidetasun besta hainbat urtez ez da egin. Beharbada 20. Eta 2021. Urteko hutsuneak izanen ditugu gehienok gogoan. Jakina da, pandemiaren ondorioz bi urtez ezin izan dela bestarik ospatu, ez bederen ohiko formatuan, izan ere, elkarteak arras presente izan du bi urte horietan besta, eta seinalerik ez da falta izan urte batean zein bertzean. 

Baztandarren Biltzarrarik gabeko bertze urte bat topatzeko 1997. Urtera egin behar da gibelera. Orduko hartan, dirudienez, aurtengo testuinguru bertsuan kokatzen zen elkartea.Orduko hartan, besta antolatzeko jende nahikorik ez zegoela eta, elkarteak hausnarketa sakona egin zuen eta besta ez ospatzea erabaki. Bistan denez, hausnarketak eragin positiboa izan zuen, geroztik urtero ospatu izan baita, pandemia ailegatu arte. Aitzinetik, 1966an, 1972an eta 1975ean ere ez zen bestarik ospatu,