Urteroko hitzorduarekin segiz, Malerrekako Mankomunitateak Malerrekako Eguna antolatu du. Aurtengoa, udal hauteskundeak direla eta, ohi baino lehenago izanen da, eta maiatzaren 13an eginen dute Oizen. Malerrekako Mankomunitatean gaur goizean eman dute egun horretarako egitarauaren eta bertze jakingarrien berri Rakel Ariztegi Oizko alkateak eta Jon Telletxea, Beintza-Labaiengo alkate eta Malerrekako Mankomunitateko presidenteak. Malerrekako zenbait herritako alkate eta zinegotziak lagun izan dituzte.

Jon Telletxeak aipatu duenez, hamargarren urteurrena beteko du Malerrekako Egunak eta denen artean elkarlanean egindako lana dela azpimarratu du. Rakel Ariztegi Oizko alkateak aipatu duenez, “bertzeak baimo herri ttikiagoa gara, baina ongi moldatzen ari gara prestaketa lanean eta jendea parte hartzeko eta ahal den guztian laguntzeko prest dago”. Horretaz gain, gonbidatu berezia ere izanen dutela aipatu du Ariztegik: “Oizen sortu eta aunitz urtez bertan bizitu den pertsona, familia ere bertan du, nahiz eta orain Beran bizi den. 3Dn jostailu ikaragarri bereziak egiten ditu, sinestezinak, umeekin arrakasta handiena dutenak”.

Omenaldia

80 urtetik gorakoei omenaldia Aitzineko urteetan bezala, egun osorako egitaraua antolatu dute. 08:00etan hasiko da egitaraua mendi martxarekin. Malerrekako gazteak Iturenen elkartu eta mendi martxa eginen dute Oizera. Malerrekako herrietako ordezkariek hasiera emanen diote egunari, eta gainera Oizko udalak 80 urtetik gorako herritarrei omenaldia eskainiko die. Alkateak aipatu duenez, “hamabi bat badira herrian sortuak, baina denak ez dira Oizen bizi eta zortzik konfirmatu dute ospakizunean parte hartuko dutela. Horien artean aipatzekoa da aurten ehun urte bete dituen bat, Irunen bizi dena eta 65 urtez Oizko ostatua eraman zuena, jubilatu arte. Berari omenaldi berezia eginen zaio”.

Horrekin batera, eskualdeko musikariak kalejiran ibiliko dira herrian barna. Goizean zehar, artisauak eta Zubietako talogileak izanen dira plazan. Horrekin batera, bertzelako animazioak ere izanen dira. Iturengo trikitilariak ibiliko dira eta Doneztebe eta Sunbillako dantzariek emanaldia eginen dute plazan, eta buruhaundiak aterako dira. Eskualdeko aizkolariek erakustaldia eginen dute eta gero joaldunak ibiliko dira. 14:00etan paella jatea izanen da plazan, eta paellarekin batera, postrea ere banatuko dute. 300 lagunendako prestatuko duten bazkariaren ondotik, Malerrekako mus txapelketako finala jokatuko dute herriko etxeko sabaian, eta Hauspolariek taldeak emanaldia eginen du plazan. Haurrentzako jarduerak ere izanen dira arratsaldean. Buruhaundiek kalejira eginen dute, zozketa eta mus txapelketako sari banaketa eginen dute eta Saldiasek hartuko du besta hurrengo urtean antolatzeko ardura bere gain. Eguna bukatzeko, brasan prestatutako otordua izanen da plazan eta musikak hartuko du lekukoa DJ Laura eta Lurrekin. Otorduetako txartelei dagokionez, egunean berean erosi beharko dira.

Omenduak

80 urtetik goitikoak. Tartean aurten ehun urte bete eta 65 urtez herriko ostatua eraman zuen pertsonak omenaldi berezia jasoko du.

esaldia

Rakel ariztegi “herri guztia ari da antolaketa lanetan laguntzen”

Oizko alkateak aipatu duenez, herri ttikia izan arren jendea parte hartzeko eta ahal duen guztian eskua botatzeko gogoz dago.