Zinegotzi sozialistek asteazkenean agertutako aurpegi goibel eta tenkatua ikusi bertzerik ez dago ohartzeko egun hartan bertan izan zutela mozioaren berri. Nekez ezkutatu zituzten beren harridura eta izialdura argazkilarien aitzinean, buru gainera zer etorri zaien ikusirik. Bilduko zinegotzi gehien-gehienak ere arrunt harrituak, ez baitzekiten ja ere, baina pozez txoratzen, loriaturik, jakina. Mozioa gero eta aho-mihi gehiagotan bazebilen ere, ezuste ederra izan da oro har, eta lehendakaria bera deseroso iritsi zen asteazken goizean Nafarroako Jauregira. Bizkitartean, hein batean ulertzekoa da UPNko zinegotziei darien sumina.

Ezin jakin, ordea, noiz arte iraunen duten kolera gorri antzuaren mendean, eta sekulakoak eta bi agindu dituzte laidoaren mendekuan. Hainbertzerainoko kasketa da, non, zinegotzi eskuindarrek jada “kaixo”, “egun on” eta gisakorik ez baitiete erraten hilaren 28ra arte oposizioan egonen diren zinegotziei, udaletxeko pasabideetan gurutzatzen direlarik; burua makurtu eta bertzaldera begiratzen dute. Aste honetan, “hementxe duzu, zeure hizkuntzan” mespretxuz erranik eman dio alkatetzaren inguruko arduradun batek oposizioko zinegotzi bati 2024ko udal egutegiaren euskarazko edizioa. Eman ez, mahai gainera bota dio.

Bitartean, udal gobernu berria sendo eta eskuzabaltasunez eratzeko tenorea da, bidea izugarri bihurria izanen baita. 2015-19 legealdia ikasbide gertatu omen zaio Asironi, hura ez baitzen oro har ongi atera. Azken buruan, eskuin zauritu eta indarberritutik mendeku gosez etorriko diren ekinaldi guztiak baino higagarriagoa izanen baita hiria ongi ez gobernatzea, hau da, arazoei konponbiderik ez ematea, dela Erripañagakoari, dela Sanduzelaikoari, puri-purian dauden bi afera soilik aipatzearren. Ongi gobernatzen ez badute, eskuina baturik itzuliko baita, jaun eta jabe.