elizondo - Baztango Udalak, Tokiko Gobernuak hala erabakita, Baztan ikergai duten ikasketa akaberako proiektu edo lanak egiteko diru-lagun-tza deialdia onartu du 2019 urterako. Aurtengoa laugarren aldia izanen du ekimen honek eta aitzineko urteetan bezala, udalak 2.000 euroko diru-saila onartu du horretarako. Diru laguntza partida agortzearekin ez dira proiektu gehiago diruz lagunduko. Horretarako, balorazio batzordeak aurkeztutako proiektuen artean puntuazio gehien jaso duten 4 proiektuak diruz laguntzeko proposatuko du, hautatutako proiektu edo lan bakoitzari dagokion diru-laguntza 500 eurokoa izanen delarik.

Laguntza honen helburu nagusia gazteak beraien ikasketekin Baztanen alde inplikatzeko eginahala da. Horretarako, etorkizuna gazteen eskutik heldu dela ain-tzat hartuz, Udalak bere eskua eskaintzeko apustua egin du bertze urte batez.

Deialdian parte hartzeko, hautagaiek Baztango udalerrian erroldatuak egon beharko dute edo bertze udalerri batean koiunturalki erroldatua egon baina horren arrazoia kanpoan ikasketak burutzea dela justifikatzea, baldin eta aurreko errolda Baztanen izan bada; gainera, 2018/2019 ikasturtean ikasketetako azken kurtsoan matrikulatuak. egon beharko dute.

Eskatzaileak ikasketa akaberako proiektua edo lana memoriaren arabera egin beharko du, diru-laguntza ebatzita, urte bateko epean, tutorearen ongi ikusiarekin.

LANAK Baztango Udalak 6 proiektu lagundu ditu diruz orain arte. Alaitz Arretxea, Josune Berho eta Oihana Otxandorenak turismoaz, XVII-XVIII. mendeetako goi-mailako etxe tipologiaz eta mutil-dantza eta nesken parte hartzeari buruzko lanak egin zituzten. Nahikari Vesgak Baztango galdegai egitura baten azterketa egin zuen, Ainhoa Astizek Baztan Haur Eskolaren eta Adimen Ani-tzen Teoria nola bateratzen diren ikertu zuen eta Uhaina Apezetxek emakume atzerritarrek Baztanen duten egoera aztertu zuen, genero perspektiba ardatz hartuta.