elizondo - Giltxaurdi SLUk, Baztango igerilekuak kudeatzen dituen enpresa publikoak, bazkide berriak lortzeko kanpaina burutzen ari da. Otsailaren 15era arte iraunen duen kanpainan, Zure lagunak gure lagunak direlako izenarekin, instalazioko bazkideak diren pertsonen bitartez bazkide berriak lortzea da helburua, lehenengo pertsona hauek ere sarituz.

Bazkideak, lagun bat bere izenean abonatzeko kirolgunera eramaten badu, hilabete bateko kuota dohainik izango du. Bazkide berriak, berriz, hasierako matrikula kuotarik ez du ordaindu beharko.

Bazkide berriak lortzeaz ez ezik, igerilekuarekin harremana duten pertsonak ere saritu nahi ditu enpresa publikoak, “azken finean beti ez dauden pertsonengana jotzen dugulako, momento batzuetan ditugunak ahaztuz”. Horregatik, kanpaina aprobetxatu nahi duen edozeinek bazkidea den bertze pertsona batengana jo beharko du, eta biek izanen dute saria.

Informazio gehiago nahi duenak, Giltxaurdi kirol instalaziora jo dezake eta harreran galdetu. Bertzenaz, telefonoz, 948 45 23 01ean edo e-postaz: giltxaurdi@baztan.eus. - F.A.G.