bera - Otsailaren 13an egindako osoko bilkuran Berako udalak Energia eta klimaren inguruko alkateen ituna sinatzea erabaki du. Europa mailako proiektu bat da hau, non udal gobernuak berotze efektua sortzen duten gasak murrizteko konpromisoa hartzen duten, baita klima aldaketaren eta energia pobreziaren aurkakoak ere.

CO2 isuriak murriztea Berako udalak proiektu honen baitan hartzen duen konpromisoak udalerriak sortzen dituen CO2 isuriak %40 murriztea eskatzen du 2030 urterako. Helburu hau lortzeko efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien erabilera izanen dira oinarri. Bertze aldetik klima aldaketak eraginen dituen aldaketei hobeki erantzuteko neurriak hartzea ere aurre ikusten da, hau da erresilientzia hobetzea.

Eginen den planak isurien inbentario bat egitea aurre ikusten du eta klima aldaketak eraginen dituen arriskuen ebaluazioa. Klima eta energia jasangarrien ekintza plan bat ere idatziko da bi urteko epean, non ekintza zehatzak agertuko diren aipatutako helburuak lortzeko. Plan honi jarraipena eginen zaio bi urtetik behin guttienez, ebaluatzeko ekintza planean zehaztutakoak betetzen ari diren eta zer emaitza lortzen diren ikusteko.

Berako udalak metodologia hau aitzinera eramateko Nafarroako Gobernuaren laguntza teknikoa izanen du. Lan talde bat sortuko da udal arduradun, Lursarea eta NELS sareko ordezkariekin, klima eta energiaren inguruan izandako esperientzia onak, ezagutzak eta baliabideak elkarbanatu eta partekatzeko.

Herritarrek parte-hartzea Berako udaletik herritarrei dei egiten diete proiektu honetan parte hartzera eta bilatzen diren helburuak lortzen laguntzera. - A.A.A.