oronoz - Oronozen hasi eta akituko da heldu den igandean burutuko den Baztango XXVI. Mendi Itzulia, Baztango Mendigoizaleak taldeak antolatua. Mendizaleek bi ibilbideren artean aukeratu ahal izanen dute: 32 kilometro luze eta 2.000 metroko desnibela duena edo 28 kilometro luze eta 1.400 metroko desnibela duena.

Oronozetik abiatu eta Oteixonera igoko dira mendizaleak, gero Sunbillara jautsi eta ibilbide luzeena aukeratzen dutenek Ugazta igoko dute, Elgorriagara jausteko, gero Iriso eta Usategietan barrena Oronozera itzultzeko. Ibilbide laburra aukeratzen dutenek ez dute Ugazta igoko.

Mendi Itzulian parte hartzeko, aitzinetik eman daiteke izena, www.mendizmendi.com webgunean. Igandean ere, 6.15etik aitzinera, martxa abiatu bitartean, ematen ahalko da izena. Ibilaldia 7.00 eta 7.30ak artean hasiko da. - F.A.G.