elizondo - Martxoaren 30ean hasi zen 2019ko Baztan-Erreka Laxoa Txapelketa. Aurtengoa 40. edizioa da eta urteurren borobil honetan Arraioz, Doneztebe, Irurita eta Oizko hamaika talde hasi ziren lehian, sei Doneztebekoak, bina Irurita eta Arraiozkoak eta Oizko bakarra. Are borobilagoa suertatzen ari da edizio hau, izan ere, plazetatik harago, Nafarroako Gobernuak Laxoa jokoa Kultur Ondasun Inmaterial izendatzea onartu berri du, maiatzean, Laxoa Elkarteak lau hamarkadetan zehar egindako lana aitortuz eta balioan jarriz.

Txapelketara itzuliz, 6 eta 5 taldetako bi multzotan banatuak, ligaxka sistema erabili dute lehenbiziko fasean. Multzo bakoitzean, denak denen aurka aritu dira eta ia hiru hilabetean zehar 50 partidu jokatu dituzte aipaturiko herrietako lau plazetan. Azken egun hauetan, ekainaren 12tik 16ra, errekuperazio jardunaldia jokatu da, eta final laurdenetarako sailkapena erabaki da. Izan ere, eguraldiaren menpe eta jokalarien disponibilitatearen menpe egoten dira partiduak, eta badaezpada ere, txapelketa hasi aitzinetik errekuperazio jardunaldi batzuk finkatzen dira, partidu guztiak jokatuko direla bermatzeko. Ligaxkako jardunaldiak bukatuta, multzo bakoitzean puntu gehien bildu dituzten lau taldeak sailkatu dira final lauderdenetarako, A multzoan Arraioz Zubiondoa eta Doneztebe Titi kanpoan gelditu dira eta B multoan Doneztebe Zarbonet. Gainerako zortzi taldeek joan-etorriko kanporaketa bidez jokatuko dituzte final laurdenak.

FINAL LAURDENAK Bihar jokatuko da lehenbiziko partidua, Donezteben, 18.00etan hasiko da Doneztebe Avia eta Irurita Migueleneren artekoa. Doneztebarrak, iazko txapeldunordeak, 4. sailkatu dira B multzoan, aldiz, iruritarrek jokaturiko hamar partiduak irabazi dituzte, ligaxkako talde hoberena izanik.

Larunbatean, 11.00etan Arraiozko plazan, Arraioz Sagardia, B multzoko 3. sailkatua eta Doneztebe The Moment, iazko txapelduna, aurtengo ligaxkan A multzoan 2. sailkatu dena ariko dira nor baino nor.

Arratsaldean, 16.00etan, Doneztebeko Bear-zana plazan, Doneztebe Mikelo, A multzoko 4. sailkatua eta Irurita Olari, B multzobo buruaren arteko partidua jokatuko da.

Azkenik, igandean, Donezteben ere, 17.00etan, Doneztebe Apezteguia, A multzoan 3. sailkatu dena eta Oiz Kokoetxea, B multzoko 2.arenaren arteko lehia izanen da.

Itzulera partiduen ondotik, final erdiak ere joan-etorrian joaktuko dira, eta hirugarren posturako lehia eta finala, berriz, Iruritako plazan jokatuko dira, abuztuaren 3an.