elizondo - Heldu den abuztuaren 24an Elizondok lehenbiziko Artisau eta ekoizleen topaketa hartuko du. Baztango Artisauak elkarteak, Argi-tsu, eskualdeko artisauak biltzen dituen elkarteak, eta Baztango Zaporeak ekoizleen elkarteak antolatu dute topaketa hau. Honen berri emateko, atzo arratsaldean hiru ekintzaileek prentsa agerraldi bat eskaini zuten Elizondon, Arizkunenea Kultur Etxeko atarian. Baztango Artisauak ordezkatuz Amaia Zinkunegi eta Julio Molinuevo, Argitsu elkarteko Haizea Irigoyen eta Baztango Zaporeaken izenean Mari Jose Brust eta Urki Lizarribarrek parte hartu zuten agerraldian.

Aipatu zutenez, urtean zehar hainbat azoka antola-tzen dituzte, errate baterako, Argitsu elkarteak eskualde osoan zehar antolatzen ditu bereak; Baztango Zaporeak eta Baztango Artisauak elkarteek, berriz, gehienetan Elizondon antolatzen dituzte eta noizbait Erratzun ere egin izan dute. Dena den, duela hilabete batzuk elkartzen hasi ziren eta denen artean azoka ederrago bat antolatzea pentsatu zuten, besta giroan Euskal Herriko bertze hainbat artisau eta ekoizle ere gonbidatuz. Honekin beren lanari ikusgarritasuna eman nahi diote eta, aldi berean, elkarte desberdinen arteko harremanak sendotzea da helburua.

Elkarlan horren fruitua da abuztuaren 24ko Artisau eta ekoizleen topaketa. 10.00etatik 20.00etara 30 ekoizle eta artisau baino gehiagok euren postuak jarriko dituzte Elizondoko plazan.

Horrez gain, inguruko kultur ekintzaile desberdinek ere parte hartuko dute, honela, 11.30etik 12.30era plazan, birziklapen tailerra izanen da, 17.00etatik 18.00ak arte Elizondoko karriketan erraldoiak ibiliko dira eta 18.30etik 20.30era plazako kioskoan txalaparta tailerra eskainiko dute. Gainera, egun osoan zehar haurrendako aurpegi margoketa, musika, artisau eta ekoizleen lan erakusketa eta sotopilak izanen dira. Bukatzeko saski baten zozketa ere eginen dute.