Iazko etenaldiaren ondotik, aurten, berriz ere martxan da Baztan-Errekako Laxoa txapelketa. 41. Edizioa izanen da aurtengoa. Pandemiak pasa den urteko txapelketa alde batera uztera behartu zuen Laxoa elkartea, nahiz eta bertze lehiaketa batzuk burutu ahal izan ziren, desafioa edota kopa, errate baterako.

Aurten, dena den, oztopoak oztopo, Laxoa elkarteak berriz ere abiatu du txapelketa, eta pasa den asteburutik 8 talde ari dira lehian: lau Doneztebekoak, bi Iruritakoak eta Arraiozko eta Oizko talde bana.

Launa taldeko bi multzotan banatuta ariko dira taldeak. A multzoan Oiz (Aimar Saldias, Ioritz Zelaieta, Laurendi Zelaieta eta Iker Bereau), Doneztebe-The Moment (Pascual Bertiz, Julen San Miguel, Javier Bertiz eta Koldo Legarra), Doneztebe-Ameztia (Josu Juanena, Xabier Ibarrola, Unai Sapuppo eta Julen Etxebeste) eta Doneztebe-Titi (Unai San Miguel, David Mitxeo, Erik Garcia eta Joseba Bengotxea) ariko dira.

B multzoan, berriz, Irurita-Olari (Iñigo Dendarieta, Iñaki Azpiroz, Mikel Sagaseta eta Oinatz Jauntsarats), Arraioz-Sagardia (Mikel Mindegia, Xabier Mihura, Miguel Maritorena eta Jon Gamio), gaur egungo txapelduna den Irurita-Miguelene (Xabi Barberena, Gorka Urtasun, Jagoba Ramos eta Egoitz Prim) eta Doneztebe-Apezteguia (Jon Apeztegia, Ramontxo Etxebeste, Joseba Juanena eta Ibai Santesteban) ariko dira.

Lehen fasean, multzo bakoitzean taldeak elkarren auka ariko dira eta gero final laurdenetan, bi multzoetako taldeak gurutzatuko dira, irabazleek finalaurrekoak jokatu ondotik, finala abuztuaren 7an Arraiozko plazan jokatzeko. Gaur, bigarren jardunaldia osatzeko partidu jokatuko da, Doneztebeko plazan, 10.00etan, Doneztebe Apezteguia eta Irurita Olariren artean.