Ortzegun honetan egindako osoko bilkuran, Baztango Udalak Nafarroako Gobernuari elikagai katearen legea aplikatzea eskatzea onartu zuen, aho batez Horrez gain, exekutiboak lehenbailehen esne sektoreko prezioen mahaia deitu dezala eta mahai horretan baserritarrak egotea bermatu dezala ere galdegitea onartu zuen Udalbatzak.

EH Bilduk aurkeztutako mozioak dioenez, esnetako behien sektorea kinka bizian dago, eta egoera horretara ailegatzearen arrazoien artean azkeneko urtea izandako prezioen garestitzea dago, errate baterako, pentsua % 30 garestitu da eta argindarra eta erregaien kostuak ere igo dira.

Gaur egun industriak 32 eta 37 zentimo artean erosten du esnearen litroa, produkzio kostuen azpitik. Nekazarien sindikatuek diotenez, beren lana errentagarria izateko 40 eta 42 zentimoen artekoa litzateke prezio duin bat.

Aldi berean, hainbertze saltokitan, 70 zentimoen azpitik saltzen diren esne markak omen daude, horrela merkataritza eta banaketa arloko enpresa handiek esne merke hori bezeroak berenganatzeko amu gisa erabiltzen dutelarik. Honek sektorea goititik beheiti kontrolatzea dakarrela diote.

Hego Euskal Herrian 398 baserritar ari dira esnetako behien sektorean lanean, Nafarroan 146 eta Baztanen 28. Azkeneko datuen arabera, esne sektorean ari diren langileen banaz bertzeko adina 50 urtekoa da Nafarroan. Mozioan nabarmentzen dutenez, modu honetan segituz gero sektorerik gabe geldituko gara, horrek dakarren guztiarekin: landa eremuetako jarduera ekonomiko bat desagertzea, enpleguak galtzea eta esnerik ez ekoiztea, bertzeak bertze.

Horrelako egoera ekiditeko helburuarekin 2020an Espainiar Estatuan Elikagai Katearen Legea indarrean sartu zen. Ekoizlearengandik bezeroarenganainoko hornidura katean gehiegikeriak gelditzeko asmoz onartu zen, eta lege hau "esnearen sektorean bete-betean sartu beharko litzateke".

Aipatu legea aplikatzeko ardura Nafarroako Gobernuarena dela iritzita, beharrezkotzat jotzen du Udalak prezioen mahaia antolatzea eta esne industriak ordezkaritza izatea, hala nola, baserritarrek, zein banaketa eta garraio sektoreak,honela, bakoitzak bere kostuak mahai gaineratu beharko lituzke, kate osoan errentagarritasuna bermatzeko.

Guzti honek, garbi utzi omen du merkatuaren logikak ez duela ekonomika gidatzen ahal, eta gutxiago elikadura, ez baita merkantzia huts gisa ulertzen ahal.

Horregatik, Udalak Nafarroako Gobernuari Elikagai Katearen Legea aplikatu dezala eskatu dio eta lehenbailehen prezioen mahaia deitu dezala.

Ortzegun honetan ere, Navarra Sumaren ekimenez bertze mozio bat onartu zuen Udalbatzak,hau ere aho batez, zeinaren bidez erabaki zen Baztango kuartel bakoitzeko bilera bana egitea Balorazio Ponentziaren Prozesuari buruz.