Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emandako 282E/2021 ebazpena ikusirik, Baztango Udalaren Tokiko Gobernu Batzordeak hainbat obra onestea erabaki du udaleko arkitekto teknikoak egindako txosten tekniko baloratuaren arabera. Honela, Elizondoko Eskola Publikoan kanpoko arotzeria aldatzeko 26.051,30 euroko inbertsioa egitea erabaki du; bertzetik, Azpilkuetako eskolan galdara berritzeko lanak eginen dira, lan hauek 14.520 euroko kostua izanen dute; Baztan Ikastola Udal Eskola publikoan, aldiz, kanpoko arotzeria aldatzeko lanak eginen dituzte, 22.264 euroko inbertsioa eginez. Bertzalde, Baztan Ikastolari dagokionean suteen kontrako babesaren arloan indarrean dagoen araudira egokitzeko, larrialdietako seinaleztapena eta argiztapena, su-itzalgailu eramangarrien instalazioa eta patioko aterpeko keen kontrolerako lanak eginen dira ere. Lan hauetarako aurreikusitako inbertsioa 8.470 eurokoa da.

Lan hauek egiteko Hezkuntza Departamentuak araututako diru laguntzen deialdiari helduko diote. Aipaturiko ebazpen horren bidez Haur Hezkuntzako 2. Zikloko eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe publikoak hobetu eta birmoldatzeko obra proiektuak gauzatzeko Nafarroako udalei diru laguntzak emateko deialdia onesten du Udalak.

LARRIALDIKO LANAK Ikastetxeetako lanez gain, Tokiko Gobernu batzordeak larrialdikotzat jotako bertze hainbat lan kontratatzeko espedienteak onartu ditu.

Batetik, Iruritako Legaletako bidean izandako kalteak konpontzeko 51.964,95 euroko gastua onartu zuen udalak, lanak Excavaciones Javier Alzugarai enpresak egin ditu; Iruritako Arbuzko bidean (Juanikotenearen ondoan) izandako kalteak konpontzeko, berriz, 5.312,40 euro bideratu dira, Almaco materiales de construcción enpresak eginez; Iruritako Arbuzko bidean izandako bertze kalte batzuen konponketa lanak Excavaciones Javier Alzugaraik egin ditu eta horretarako 19.480,52 euroko gastua onartu du Udalak; Beartzungo kuarteleko bideko kalteen konponketa lanendako 15.932,46 euro onartu dira, Isidro Goñi Elorgak egin dituelarik konponketa lanak; Erratzun, Aritzakungo bideko kalteak konpontzeko, berriz, 10.896,92 euro bideratu dira, lanak Almaco materiales de construcciónek egikarituz; eta azkenik, Azpilkuetako Bixtaeder bideko zubian izandako kalteak Excavaciones Javier Alzugaraik konpondu ditu, udalak 5.593,90 euro esleituz horretarako.

EGUR LOTEAK Tokiko Gobernu batzordeak aurten ere 2022. urteko egur loteak kargatu eta etxez etxe eramateko zerbitzuaren kontratazioaren inguruan, aurkeztutako aurrekontuak aztertu ondotik erabaki du zerbitzua Oihan zerbitzuak SL enpresari esleitzea, 14.998 euroan (BEZ kanpo). Enpresa hau arduratuko da, honenbertzez, aurtengo egur lotea etxera eramateko eskatu dutenei zerbitzua emateaz.