Igandean 46 urte bete ziren Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zenetik. Urteurrena gogoratzeko asmoz larunbat goizean Saharaztan elkarteak antolatutako elkarretaratzea egin zen Elizondoko foruen plazan eta gero, Ahmed Ettansi Equipe Mediako ekintzaile eta kazetariaren eskutik solasaldi bat. Heldu den ortziralean, berriz, Baztango liburutegian, Kabiak elkartearen eskutik Basamortuko liburutegiak izeneko ekimena burutuko da, 19.00etan, Bubisher proiektuaren baitan.

Bubisher deitzen zaio Sahara basamortuan berri onak ekartzen dituen txoriari eta izen hori, hain zuzen ere, aukeratu zuten kanpalekuetako liburutegibusak kudeatzen duen Espainiar estatuko elkartearendako. 2017an, Kabiak elkartea sortu zen Nafarroan, Bubisher elkartearekin batera aritzeko asmoz. Kabiak elkartearen helburu nagusia da laguntza proiektuak garatzea Tindoufeko errefuxiatu kanpamentuetako liburutegi eta ikastetxeekin, bertako liburuzain, irakasle eta kultur eragileei laguntza emanez eta hango kultura gure artean ezagutzera emanez.