Síguenos en redes sociales:

KULTUR EGUNAK OSPATZEN HASIAK DIRA IGANTZIN

Asteazkenean, "Igantzi besta giroan" erakusketa zabalduko da Baratzondon

IGAntzi. Igandearekin hasi eta asteazkena bitarte, gaztetxo nahiz helduek gozatzeko moduko ekitaldiak prestatu ditu Euskara Batzordeak. Igandean, haurrentzako zinea eta krispetak izan ziren ziberrean eta helduentzako antzerki emanaldia Baratzondon.

Gaur, 18.00etan opil ikastaroa eginen da Biltokin, Anuntxi eta Mª Luisaren eskutik. Ondotik dastaketa izanen da.

Asteartean 16.00etan haurrentzako ipuin ilustratuen tailerra izanen da eskolan, Iraia Okinarekin. Iraia Okinak Zirkua amets ipuineko ilustrazioak egin zituen, eta haurrekin eginen duen tailer honetan horren inguruan ariko da. 17.30ean Zirkua Amets erakusketa eskolan. Haur Hezkuntzako ikasleek ipuin horren inguruan egin dituzten lanak erakutsiko dituzte. 19.00etan Oskar Txoperenak hitzaldia eskainiko du Ziberrean Parrokiko Artxiboa, Igantziko iraganaren lekuko aberatsa izenburupean.

Asteazkenean, 11.30etik 18.00etara Igantzi besta giroan erakusketa irekiko da Baratzondon. Urtero Biltokik antolatzen duen erakusketa aurten herriko hainbat jairen ingurukoa izanen da. Kabalgata, inauteriak, sanjoanak, sanmigelak, omenaldiak... eta herrian izaten diren bertzelako besta eta ospakizunekin zerikusia izaten ahal duen edozein material erakusketan paratuko dituzte. 12.00etan bizkotxo lehiaketa eginen da Biltokin. Ordubete lehenago Biltokin aurkeztu behar dira. 19.00etan bizkotxo dastaketa eginen da Biltokin, Kultur Egunak bukatzeko.