lesaka - 2014ko irailaren 19an Hego Lapurdiko Hiriguneak, Euskara Mankomunitateak eta Bidasoa Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak Sareuska, euskararen sarea sortu zuten. Sareuska egitasmoaren xede nagusia Bidasoaz bi aldeetako eskualdeetan euskararen erabilera bultzatzea eta dinamizatzea da. Helburua lantzearren 2017. urtera bitarteko plangintza garatu dute eta Mintzodromoa, bertan kokatzen den egitasmoetariko bat da.
Hortaz, aurten ere Sareuskak mintzodromoa antolatu du Euskararen Nazioarteko Egunaren harira. Mintzodromoaren II. Edizioa Hondarribiko itsas Etxeko Auditorium-ean egingo da abenduaren 3an, goizeko 10.00 eta 12.30 bitartean.
Bertaratutakoak, tokian tokiko zein egunerokotasuneko gaien inguruan solastuko dira mahai baten bueltan lauko taldetxoetan eta giro xamur eta lagunartekoan. Hiru gai ezberdin proposatuko dira 15 minutuz mintzagai gisa eta hizketalditxo hauetariko bakoitza, lagun talde ezberdinarekin egingo dute. Ekimenaren dinamizazioaz Maider Segurola irrati esatari eta telebista aurkezlea arduratuko da, eta esparru ezberdinetako (kirol mundua, euskalgintza, bertsolaritza edo eta telebistako) pertsonaia ezagunek parte hartuko dute. Hau horrela, haiekin solasean ari-tzeko eta haiek ezagutzeko aukera ere izango da. Giroa eta partehartzea bultzatzeko, kafetxo eta mokadutxo baten aitzakia ere izango da.
Ekimenaren helburua, euskaraz hitz egiteko aukera bat gehiago eskaintzea da, batez ere euskara ikasten ari direnei, praktikarako jauzia egin dezaten. Baina era berean euskaldunen arteko harreman sareak ehuntzea ere bilatzen da ekimenarekin Izan ere, Mintzodromoan parte hartu ondoren, bertan egindako lagun berriekin, euskaraz erlazionatzeko joera biderkatu baitaiteke.
Sareuskak mintzodromoan parte hartzeko deialdi berezia egin nahi die Bortziriak, Hego Lapurdi eta Irun-Hondarribiko euskaltegietako ikasle eta irakasleei eta baita ere min-tzapraktika programetako partehartzaileei. Halere, ekimena guztiz irekia da. - A.A.A.