Síguenos en redes sociales:

Bortzirietako taldekako 17. bertso lehiaketa antolatu du Bertso Eskolak asteburu honetan

Ortziralean lehen saioa Beran eta gainerakoak larunbatean Lesakan eginen dituzte

Bortzirietako taldekako 17. bertso lehiaketa antolatu du Bertso Eskolak asteburu honetan

bera - Bortzirietako bertso eskolak hamazazpigarren aldiz antolatutako Taldekako lehiaketa jokatuko da egunotan. Lehen saioa abenduaren 11n, ortziral arratseko 10etan jokatuko da Berako Katakun. Gainerako saioak, finalerdiak eta finala abenduaren 11n eginen dituzte Lesakan. Denera, zazpi hirukotek eman dute izena. Ohikoa denez, txapelketa baino gehiago jostaketa izaten da taldekakoa eta ariketa aunitz jostagarriak izanen dira: Potokumeak, objetuari bertsoa, kanta bateri puntuka, trikixarekin koplatan, errimak kantatu ahala ematea?

Ortziral arratsean Katakun jokatuko den lehen saioa, erraterako, ez da lehiaketarako baliagarria izanen eta bertso desafio moduan aurkeztu dute eta bidenabarkoan, Bardoak 2016 txapelketan parte hartuko duen Larungo Antenak taldearen aurkezpen moduan. Talde horretan Patxi Castillo, Aitor Elexpuru eta Julen Zelaieta ariko dira eta bertzetik Gorosterra ZU taldea (Iker eta Egoitz Gorosterrazu eta Eneko Fernandez) ariko dira.

Abenduaren 12an, larunbat eguerdiko 12.30ean Lesakako Teleboten jokatuko den kanporaketan, Bertze Balak (Xabier Terreros, Maddalen Lopez eta Jon Silveira) eta Egarrittuk taldea (Josu Sanjurjo, Iban Garro eta Ander Fuentes Itturri) ariko dira. Egun berean, 14.00etan Antoiun eginen den bazkariaren ondotik, Dinosauriuk (Bittor Elizagoien, Juan Mari Lopez eta Joxe Juan Zubieta Etxabe)Erratzuren kontra (Xabier Silveira, Alazne Untxalo eta Amaia Elizagoien) ariko dira. Xarutan 17:00etan eginen den hirugarren saioan, aipatutako Larungo Antenak eta Fashion Team (Eneko Fernandez, Ioar Tainta eta Manu Goiogana ) ariko dira.

Ondotik, finalerdian txanda etorriko da. 18.30ean Haizegoan jokatuko dute lehenbizikoa Teleboteko irabazleek Antoiuko irabazleen kontra eta bigarrena 20.00etan Atxaspin izanen dute, Xarutako irabazleek galtzaile puntuatuenaren kontra.

Finala Arranon jokatuko da. 21.30ean afaria eginen da eta ondotik finala. Afarirako txartelak 15 eurotan eros daitezke. Izena emateko bortzibertso@gmail.com helbide elektronikora idatzi edo 618963011 telefonora deitu behar da. - A.A.A.