Haziaren Eguna larunbatean Beran
Haziak eta ezagutzak elkartrukatzeko mahaia paratuko da
bera - Bidasoko Hazien Sareak antolatutako Haziaren Eguna Beran izanen da larunbatean. 10.30ean hasiko da Rikardo Baroja eskolako idorpean. Han mahai batzuk izanen dira, ekartzen diren haziak paratzeko, eta noski, han direnak nahi dituenak hartzeko. Mahai horien inguruan, hazi bakoitzari buruzko ezagutzak elkarbanatuko dituzte: Nondik lortuak diren, noiztik egiten dituzten, horietatik sortzen diren landareak nolakoak diren... Hamaiketakoa egiteko aukera izanen dute, etxeko artoa eta barazkiak baliatuz prestatutako janariak izanen baitituzte.
Eguerdi aldera Solasaldi Irekia ere eginen dute. Bakoitzak zer ikasi edo zeri buruz mintzatu nahi duen erran eta gai horien arabera taldetan bildu eta arituko dira. Besta borobiltzeko, bazkaria eginen dute. Norberak etxean prestatutako ilarrak eta barazkiak ongi etorriak izanen dira,eta antolatzaileek prestatutakoekin batean, bazkari ederra osatuko dute. - A.A.A.