Bortziriak - Ikasturtea bukatu eta uda ailegatzearekin batera, udaleku irekietan parte hartzeko aukera izanen dute neska-mutikoek Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesakan. Aurten ere, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak antolatu ditu, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin eta Dindaia Fundazioarekin elkarlanean. Iaz bezala, Caixabank erakundeak udalekuak babestu ditu.

Arantzan, Beran eta Etxalarren udalekuak uztailaren 4an hasiko dira, eta uztailaren 29ra arte arituko dira. Lesakako eta Igantziko kasuan, udalekuak uztailaren 12an (asteartearekin) hasiko dira, eta abuztuaren 5ean bukatuko. Herri guztien kasuan, udalekuak goizeko 10.00etatik 13.00ak arte izanen dira.

Izen-ematea Izen ematea maiatzaren 16an, astelehena, hasiko da, eta zabalik egonen da maiatzaren 27ra arte, ortziralea. Bi bide izanen dira izen emateko: bata, mankomunitatearen web orriaren bitartez (www.bortziriak.eus), eta bertzea telefonoz deituta (948 63 41 25, 9.00etatik 13.00ak arte). Taldea sortzeko beharrezkoa da herri bakoitzean gutxienez 8 neska-mutikok izen ematea.

Udalekuetan onartuak izateko lehentasuna izanen dute Bortzirietan erroldatuak eta bertako ikastetxeetan (D eta B ereduetan) matrikulatuak dauden neska-mutikoek.

Hasierako izen ematea behin-behinekoa izanen da. Epea bukatu ondotik, izandako eskaera guztien artean zozketa eginen da, eta ondoren familia bakoitzari zuzenean konfirmatuko zaio plazarik baduen.

Iaz hasitako bidetik, udalekuetan izen ematen ahalko da lau asteetarako edota hamabortzaldika. Horren arabera matrikularen prezioak aldatu eginen dira. Honela, ume batek 90 euro ordaindu beharko du lau asteko udalekua (50 euro bi astekoa); bi anai-arrebak, 150 euro lau astekoa eta 80 euro bi astekoa eta hiru anai-arrebek 180 euro lau astekoa eta 90 euro bi astekoa aukeratuz gero.

Horrez gain, zailtasun ekonomikoak dituzten familiek matrikularen %50 ordainduko dute. Baina horretarako Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatera (948 63 50 36) jo behar dute eta bertan beharraren balorazioa eginen dute.

Arrakasta handiaUrteak daramatza Bortzirietako Euskara Mankomunitateak udaleku irekiak antolatzen, eta gaur egun arrakasta handia dute. Iaz 180 neska-mutikok izen eman zuten udalekuetan, eta 24 begirale aritu ziren lanean, aitzinetik prestakuntza ikastaroa eginda.

Neska-mutikoek aisialdian euskara erabiltzea dute helburu udalekuek. Praktikan, horrez gainera, bertze funtzio bat ere betetzen dute: udalekuek familiei aukera bikaina eskaintzen diete lana eta familia uztartzeko. - A.A.A.