etxalar - Altxata kultur elkarteak Gasna eta Artisau Feriaren hogeita laugarren edizioa antolatu du igande honetarako. Aurten, ekaineko lehen igandeko ohikoez gain, ortziralean eta larunbatean ere zenbait ekitaldi prestatu dituzte.

Honela, ortziralean RebelJazz taldeak kontzertua eskainiko du frontoian 19.00etan. Nafarroako Gobernuak mila bizilagun baino guttiago dituen herriei emandako dirulaguntzarekin antolatutako ekitaldia da.

Larunbatean, 11.00etatik 13.00etara, eskalada ikastaroa izanen da haur eta helduentzat frontoi gibeleko paretan. Ttikienek paretarekin kontak-tua eta altuera probatzeko aukera izanen dute eta handiei berriz eskalada nozio basikoak eta rappell teknikak irakatsiko zaizkie. 19.00etan Juan Mari Beltran Hirukotearen kontzertua eta herriko dantzarien saioa ere izanen dira frontoian.

Baina dudarik ez da, igandea izanen da asteburuko egunik indartsuena. Goizeko 10.30etik 14.00etara eskulangileen erakusketa eta salmenta izanen da frontoian. 10.:00etatik 11.30era Lehiaketara aurkeztuk diren ardi Gasnen harrera. 11.00etatik aurrera, alde batetik ardi mozte erakustaldia izanen da plazan. Bertzetik, Etxalarko III. Goxo Topaketa. Aurten txokolatea osagai nagusia duen postrea prestatu beharko dute herritarrek ea plazara eraman. 12.30ean Etxalarko Trikitilarien kontzertu saioa. 13.30 aldera, XXIV. Eskualdeko Ardi Gasna Lehiaketako sari banaketa eginen dute eta herriko gasna onenek ere izanen dute bere saria.

14.00etan Kantu bazkaria izanen da, Bankako Menditarrek girotua. Lehiaketara aurkeztutako gasnak eta goxo topaketara aurkeztutako postreak dastatuko dira.

Erakusketak ere izanen dira. Eskola Zaharretan, egun osoan, Etxalarko eskulan ikastaroko ikasleek egindako lanak ikusgai izanen dira eta Iriondoan, goizez, baserriko lan tresnak ikusteko aukera izanen da. - A.A.A.