etxalar - Igandean ospatu zen Altxata kultur elkarteak antolatutako XXIV Gasna feria. Eguraldi ederra lagun, jende aunitz ibili zen egun guzian zehar herrian.
Eguerdian XXIV Gasna lehiaketako sari banaketa egin zen. Hamabortz gasna aurkeztu ziren guztira, horietatik 8 Etxalarkoak. Bortz epaimahaikide aritu ziren gasnak probatzen, aunitz Berako Lurraren Egunean esperientzia dutenak: Ana Lazkanotegi, Eider Pikabea, Jose Mari Andueza, Bautista Telletxea eta Periko Berrueta. Hauek izan ziren gasna sarituak: Lehenengo postuan Pello Pegneguy -Orabidea-Arizkun- (120 euroko saria), bigarren postuan Urdazubiko Etxalekua gasnategia (90 euroko saria) eta hirugarren postuan Lekarozko Julen Arburua (75 euroko saria). Etxalarkoen artean berriz lehenengo saria (50 euro) Ursua baserriko Jorge Arizaletak irabazi zuen eta bigarren saria (30 euro) Basateko Isidro Ariztegik irabazi zuen.
Bertzetik aurten III. Goxo topaketa egin zen. Aurten txokolatea osagaia zuen postrea zen aurkeztu beharrekoa. Guztira zazpi postre aurkeztu zituzten herritarrek eta denen artean produktuez betetako saski bat zozketatu zen. Hau Kontxesi Arangoari egokitu zitzaion.
Aurten berrikuntza modura Etxalarko I. Ahari lehiaketa egin zen. Denetara Etxalarko 7 ahari ekarri zituzten plazara eta irabazlea Olazarko aharia izan zen. Herriko produktuekin osatutako saski eder bat eta urrezko pulunpa irabazi zituen.
Goizean frontoian artisauak izan ziren ikusgai, Iriondoan ere baserriko tresna zaharren erakusketa dotorea eta ikusgarria zabalik egon zen. Bertzetik, ardi ile-mozte erakustaldia egin zuten plazan eta trikitilariek ere beren saioa eskaini zuten bazkal aitzinetik. Hagitz bazkari jendetsua izan zen frontoian. 140 lagun inguru izan ziren bazkaltzen eta giro bikaina izan zen bazkal ondoan Bankako kantariekin. Egun guzian eskulan ikastaroko lanak ikusgai egon ziren eskola zaharrean.
Igandeko azoka handiaz gain, asteburu osoa ekitaldiz betea izan dute Etxalarren. Ortziralean, RebelJazz taldeak kontzertua eskaini zuen frontoian, Nafarroako Gobernuak 400 eta 1.000 bzilagun arteko herrietara kultur ekitaldiak eramateko 400/1000 kanpainaren baitan. Larunbat goizean, berriz, haur eta helduentzat eskalada ikastaroa egin zuten frontoiaren gibeleko paretan eta Juan Mari Beltran Hirukotearen kon-tzertua eta Etxalarko dantzarien saioa izan ziren.