elgorriaga - Ttipi-Ttapa aldizkariak eta Xorroxin Irratiak elkarlanean antolatu dute laugarren aldiz argazki lehiaketa (bigarrena inauteriekin lotutakoa) eta erran.eus atariaren bidez gauzatu da. Bertara igo dituzte lehiakideek inauterietan ateratako argazkiak. Asteartean banatu dituzte sariak Elgorriagako bainuetxean.

Lehiaketara aurkeztutako 33 argazkiren artetik, Pello San Millan baztandarrak ateratako Zakozar eta Marina argazkiak irabazi du epaimahaiaren saria. Hala, Nekatur Nekazalturismo Elkartearen Nekatur Bono orlegia eskuratu du, bi lagunendako bi gau eta bi gosari eskaintzen dituen egonaldia, Ttipi-Ttapa Fundazioko Arantxa Agirreren eta Xorroxin Irratiko Josetxo Apezetxearen eskutik.

Erabiltzaileek ere izan dute hitza (400 boz inguru jaso dira) eta kasu honetan, Lesakako Jon Martinezek ateratako Bientzat argazkiak jaso du boto gehien. Honenbertzez, Elgorriagako bainuetxean bi lagunendako zirkuitua eta otordua irabazi ditu. Elgorriagako Balnearioko Cristina Guelbenzuren eskutik jaso du saria.

Parte-hartzaileen eta internet bidez botoa eman dutenen artean Elbeteko Posadan bi lagunendako otordua zozketatu da eta Iturengo Iker Gorosterrazuri egokitu zaio. Hain zuzen, Elbeteko Posadako Belen Urrutiak eman dio saria. - A. Arotzena