Mikel Taberna Irazoki eta Ekaitz Santazilia hizlariek solasaldia eskainiko dute abenduaren 2an, asteazkenean 19.00etan Kultur Etxeko erakusketa gelan.

Solasaldiak oinarritzat hartuko du Berako Udal Artxiboan gordeta dagoen 1822. urteko eskuizkribu bati buruz egindako ikerketa lana. Euskal testu administratibo bat da, herriko batzarrean irakurtzeko prestatua eta euskararen kanpo eta barne historia osatzeko gako batzuk ematen dituena. Uscaldunac garen ezquero testu honen lehenengo hitzak dira, “elkar hobeki adi-tzeko” asmoz beratar guztiei zuzendutako euskarazko idatzia.

Hizlariek garai hartako testuinguru soziohistorikoaz eta testuaren egileez solas eginen dute, dokumentuaren edukia komentatuko dute eta bertako euskarak berrehun urte hauetan jasan dituen aldaketetako batzuk aipatuko dituzte.

Taberna (Alkaiaga, 1957) biologian lizentziaduna da, idazlea eta bertso munduan ezaguna. Santazilia (Iruñea, 1987) Euskal Filologian lizentziaduna eta hizkuntzalaritzan doktorea.