2022. urtean sortu berri den Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak bertako berdintasun egoeraren diagnostikoa egiteko prozesua martxan paratu zuen maiatzean, Bortzirietako Udalek, Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak lagunduta. Ondorioak abenduan aurkeztu zituzten Beralandetan eta egoeraren diagnostikoa ezagututa, hurrengo hilabeteetan Berdintasun Plana sortzeko prozesua abiatuko da.

Diagnostikoa egiteko prozesuaren prestaketa lanak maiatzean hasi eta lehen elkarrizketak ekainean burutu zituzten, hainbat alorretan mugitzen diren herritarrekin: kirol esparrua, sindikalgintza, irakaskuntza, kultura, Gizarte Zerbitzuak… Horrela, alor ugariren inguruko informazioa bildu zuten. Hurrengo fasean tailer parte-hartzaileak egin zituzten, hemen ere Bortzirietako zenbait eremutako norbanakoen parte hartzearekin, hala nola, talde feministak, udaletako zinegotzi eta langileak eta eskoletako zuzendaritzak. Azken fasean, 18 urtetik goitiko herritar guziei zuzendutako inkesta zabaldu zen. Bortzirietako egoera eta beharrak ulertzeko metodologia kualitatiboa nahiz kuantitatiboak erabili dituzte, ondorioz, errealitatearen inguruko informazio anitza ezagutzeko aukera izan dute.

Uztartzeko zailtasunak

Diagnostikoaren ondorioei dagokionez, aipagarria da zaintzaren eta lanaren eremuek erakusten duten zentralitatea. Alde batetik, diagnostikoaren prozesuan parte hartu duten herritarrek bi eremu hauek identifikatzen dituzte Bortzirietan generoen arteko desberdintasun handienak erakusten dituzten eremu bezala, eta bertze alde batetik, inkesta erantzun duten herritarren erdiak baino gehiagok bizitza pertsonala, lana eta familia uztartzeko zailtasunak dituela aitortzen du.

“Berdintasun Plana sortzeko prozesua abiatuko da datozen hilabeteetan”

Ana Albistur Beunza - Berdintasun Teknikaria

Desoreka haundiak ikusten dira oraindik ere gizon eta emakumeen arteko zaintza lanen banaketan eta zaintzarako zerbitzu publiko gehiagoren beharra nabarmendu dute inkestatuek. Fase guzietan bildutako informazioak argi uzten du Bortzirietan talde feministek duten garrantzia, funtsezko lan bat egiten dutela aitortuz. Instituzioen inguruan bildutako informazioaren arabera, herritarrek aunitz baloratzen dute orain arte Gizarte Zerbitzuetatik egindako lana, baita hezkuntza instituzioek jokatzen duten paper garrantzitsua ere. Udalei dagokienez, uste dute udalek genero berdintasunarekiko konpromisoa dutela, baina aldi berean konpromiso hori handitzea eta zerbitzu nahiz jarduera gehiago bultzatzea eskatzen dute.

Genero indarkeria da, zaintzaren eta lan esparruarekin batera, Bortzirietako herritarrak gehien kezkatzen dituen gaia. Honekin lotuta, elkarrizketa, tailer, nahiz inkestan gehien errepikatu den beharretako bat izan da indarkeriaren aurrean jarduteko protokoloa sortzeko beharra.